“Gau beltza” mikroipuin lehiaketaren hirugarren edizio honetako gaia “LAZTAN” izan da, eta aurrekoetan bezala, aurten ere bi kategoria egon dira. 18 urtetik beherakoena eta 18 urtetik gorakoena. Guztira 57 lan jaso dira, Euskal Herriko txoko guztietatik. Iaz baino 19 lan gehiago izan dira. 29 lan gazteen kategorian eta 28 ipuin helduen kategorian. Ainara Elizondo, Gorka Bereziartua eta Kote Guevara epaimahaikideen esanetan, azpimarragarria izan da bai jasotako lan kopurua eta baita hauen literatur kalitatea ere.
Epaimahaia Hondarribiko liburutegian bildu da urriaren 23an ebazpena egiteko, eta irabazleak urriaren 31ean iragarriko dira Hondarribiko Udal liburutegian egingo den sari banaketa ekitaldian. Parte hartzaile guztien artean ere zozketak egin dira egitasmoaren babesleen eskuzabaltasunari esker. Sari banaketa ekitaldiko aurkezlea Karolina Sainz de Bikuña izango da eta aurretik Joxe Mari Karrere ipuin kontalari izugarriak sufriaraziko gaitu. Irabazleek bere lanak irakurriko dituzte ekitaldian bertan.
Eskerrik asko parte hartzaile guztiei, babesleei eta epaimahaikideei.
Jaso ezazue LAZTAN hotz bat antolatzaileon partetik!!!