Hondarribian Korrika Kulturalaren baitan Teresa Del Valle antropologoaren lanari buruz argitaratu berri den “Teresa Del Valle, bidegile eta gidari” liburuaren aurkezpena antolatu dugu.
Teresa Del Valleren lan intelektual guztia irakurketa eta iradokizun agortezinen iturria da, eta bide berriak ireki ditu genero arloan, antropologian eta euskal kultura eta gizartearen ulermenean. Asko izan dira Del Valleren lanaren fruituak, argitalpen ugari utzi ditu: 16 liburu eta 200 artikulu baino gehiago. Hondarribian egingo dugun aurkezpenean, Del Valleren lanari errepasoa egiteaz gain, 1988. urtean Korrikari buruz egin zuen ikerketa etnografiko ederra gogoratuko dugu, duela 35 urte lan hartan Korrika ekimenaren inguruan eta euskarari buruz plazaratutakoak gaurkotasuna izaten jarraitzen baitu.
Aurkezpenean liburuaren editorea izan den Pio Pérez-ekin batera, liburuan kapitulu bana idatzi duten Carmen Diez, Margaret Bullen, Jone Miren Hernández eta Jaime Altuna antropologoek parte hartuko dute.
Non: Hondarribian (Kultur Etxeko Areto Nagusia)
Noiz: Otsailaren 29an, arratsaldeko 19:30ean.