Hasteko, Maite Berrueti lapurtutako galdera batekin hasiko naiz: NASAra idatzi beharko bazenu, zein hizkuntzatan egingo zenuke? Pentsatu erantzuna, eta beheko testua irakurri eta gero, egin berriro galdera hau zeure buruari.
Dagoeneko gehienek jakingo duzuen bezala, hemendik gutxira, abenduaren 3an, Frantzisko Xabierkoaren egunean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da: egingo dira ekitaldiak, esango dituzte batzuek eta besteek euskararen aldeko hitz politak, aldarrikatuko dute euskara mundu osora, entzungo dugu euskararen txantxangorriaren abestia behin eta berriz…
Hain zuzen ere, Frantzisko Xabierkoaren garai bertsukoa zen eta, hau bezala, nafarra zen Bernart Etxepareren hitzak bihurtu zaizkigu Euskararen Egunaren lelo nagusi: euskara, jalgi hadi plazara, jalgi hadi mundura! Eta halaxe gabiltza gu ere, ia 500 urte beranduago, euskarari bere tokia eman nahian-edo.
Halaxe egin zuen, adibidez, Hondarribian bizi izan zen Joxe edo “Joseba” Ormazabal apaizak 1969an: Neill Amstrong, Michael Collings eta Edwin E. Aldrin ilargira heldu eta handik itzuli zirenean, Joxek zorion eskutitza bidali zien NASAra, euskaraz. Eta erantzuna jaso ere jaso zuen. Hortaz, hark ez zuen zalantzarik izan, eta “euskara, jalgi hadi mundura!” leloa bere eginez, konplexurik gabe erakutsi (eta demostratu) zuen euskarak gainontzeko hizkuntzek adina balio duela, gurerako zein mundu zabalerako.
Baina batzuetan batek ez daki aurrera goazen ala atzera, egia esan. Izan ere, orain ia bostehun urte edo orain ia berrogeita hamar urte ez bezala, euskara administrazioan, unibertsitatean eta beste hainbat eremutan sartzea lortu dugu. Baina badirudi “gure” administrazioan, “gure” unibertsitatean, guretzat denean soilik balio duela, eta orain hainbeste urte Joxek emandako lezioa, ikasi ordez, ahantzi zaigula; bestela, galdetu Urkullu jaunari, bai, gure Lehendakariari.
Urkullu orain gutxi Quebec aldean ibili da eta bertako ordezkari politikoekin elkartu. Eta itxura denez, gure Lehendakariak ez daki frantsesez; beraz, itzultzaile batekin aritu da. Horraino dena normal, dena ondo. Kontua da Quebec-en euskaldunok (zati handi bat, behintzat) ordezkatzen gaituen pertsonak ez duela itzultzailea izan frantsesa eta euskararen arteko zubia egiteko, Quebec-Euskadi harremanak eskatu beharko lukeen moduan, baizik eta frantsesa eta espainolaren artekoa egiteko! Beraz, hortxe ibili zaigu Urkullu jauna, munduan zehar, gure izenean eta espainol jatorrean, gero frantsesera itzulia izateko. Ai, gure Joxe apaizak burua altxatuko balu!
Baina, tira, Lehendakaria egurtzen eta harrikatzen hasi aurretik, begira diezaiogun geure buruari ere: ez al dugu gauza bera egiten guk, aurrean duguna ezagutzen ez dugunean, automatikoki erdaraz egiten diogunean? Eta arazoa hori bakarrik balitz, gaitzerdi! Baina zenbatetan egiten dugu euskaldunon artean erdaraz? Eta zer egiten du hainbeste euskaltzalek egunkari erdaldunak irakurtzen, albistegiak ETB2n ikusten, edota Facebook gaztelaniaz erabiltzen? Ba, suizidatu. Maialen Arzallusek Euskadi Irratian primeran azaldu zuen moduan, euskaldunok geure hizkuntzan egin genezakeena beste batean egiten dugun aldiro, geure buruaz beste egiten dugu. Aldiro-aldiro geure barneko zatitxo bat akatzen dugu eta, horrela, zatitxoz zatitxo, zeharo arrotz bihurtu arte.
Hortaz, geure buruarekin guztiz bukatu baino lehen, Bernarten eta Joxeren izpirituek bidea argitu diezagutela, eta jalgi dezagun euskara mundura!
Amaitzeko, aipatutakoez zenbait ohar:
- Joxe apaizaz: Joxeren eta bere lezioaren berri Maite Berrueti zor diot, eta Hondarribia aldizkariko 162 zenbakian argitaratu zen, 2004ko maiatzan.
- Urkulluren abenturez Quebec-en: argi azaldu zituen Jose Mari Pastorrek Berrian, azaroaren 4an, Quebecen espainolez izeneko artikuluan.
- Euskaldunon suizidioaz: Maialen Arzallusek ezin hobeto deskribatu zuen euskaldunon joera suizida Euskadi Irratiko Faktoria saioan, azaroaren 6an.
- Euskararen txantxangorriaz: badakizue kukuak, gehienetan, txantxangorriaren kabian jartzen omen duela bere arrautza eta txantxangorriarena bota? Eta azken honek arrautza arrotza berea balitz bezala zaintzen duela? Eta nik diot: ez al zegoen euskararen irudia izateko beste txoririk?
Eneko Oiartzabal Gerriko, Blagan-eko kidea
Hondarribia Aldizkarian argitaratuta, 2017ko azaroan