Kultur ekintzen kronikak: “Ez dago Euskadi saririk komikiarentzat! (helduen kategorian) “

 

20 bat lagun bildu ginen, giro ederrean, pasa den otsailaren 12an kultur etxean Yurre Ugartek (gidoia) eta Joseba Larratxek (marrazkiak) elkarlanean sortutako Joana Maiz komiki gomendagarriaren aurkezpenean. Aurkezle lanetan, bikain, Kote Guevara liburuzain eta Blagankidea.

ez_dago_euskadi_saririk_komikiarentzat

Galdera zuzena jaurti die Kotek aurkezpenak egin eta berehala: “Bizi al daiteke honetatik gaur egun?” Josebaren erantzuna baiezkoa izan da, baina beti ere sakrifizioak egiteko prest baldin bazaude: baldintza eskaseko lan asko onartu behar da gustukoagoak diren proiektuei heltzeko, eta argi izanda bat ez dela inoiz honekin aberastuko. Yurreren kasuan antzekoa da egoera, idaztetik bizi da bera, aldaera ia guztietan: literatura, gidoiak, … derrigorrez polifazetikoa izatera eramaten zaituen ofizioa da hau. Igor Elortzak esango lukeen moduan, wordker petoa da Ugarte.

Solasaldiak jarraitu du euskal komikigintzak bizi duen une emankorra aipatuz. Azken bi urteak izan dira, produkzio aldetik, oparoenak euskal komikiaren historian; urtean 5-10 ale argitaratzetik 20-40ra pasa gara azken urteetan (datuak aztertu nahi badituzu, komikipedia webgunean daukazu euskal produkzio osoa jasota).  Arrazoien inguruan galdetuta, generoak azken aldian izan duen prestigioaren gorakada azpimarratu da. Komikia beti izan da genero popularra, sarri haurrekin lotua edo zirkuitu undergroundekin. Prestigio irabazte hau izan da, Larretxeren ustez, eleberri grafiko formatuari esker neurri handi batean.

Bide horretan, baina, dena ez dago eginda, jakina. Eta Yurrek bota zuen erronka: “Euskadi sarietan, adibidez, ez da kategoria gisa hartzen komikia. Saritzekotan, gidoiak saritzen dira, eta, orain arte, behintzat, beti haur eta gazte literaturaren kategorian. Ausartuko al dira inoiz helduen kategorian komiki bat saritzen? Edo komikientzat berariazko kategoria sortzen? “.

ez_dago_euskadi_saririk_komikiarentzat2

Eleberri grafiko bat izan da, hain zuzen ere, gaurko aurkezpenaren aitzakia. Joana Maiz izeneko pertsonaian oinarritutakoa. Zinema munduan kastinak egiten dituen profesionala da Joana, bizitza ondo muntatuta duela esan dezakegu, baina dokumental propioa egiteko proiektua berak zuzentzeko erabakia hartzen duenean, bizitza konplikatzen hasten zaio …

Solasaldian zehar, eleberriaren sortzen prozesuan zentratu dira egileak batez ere: pertsonaiak aletu dituzte (lehen mailakoak eta bigarren mailakoak), tramak, lokalizazioak (Irun eta Bilbo)… beti ere komikiaren barrenak gehiegi ez azaleratzeko asmoarekin, inoren irakurraldia ez zapuzteko.

Harriet editorialarekin argitaratu dute, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, eta, oraingoz behintzat, euskarazko bertsioa gehiago ari da mugitzen, nabarmen. Horren arrazoiak izan daitezke zirkuitu ezagunagoa dela bi egileentzat eta aurrez aurreko lan handiagoa egin dezaketela euskarazko bertsioa aurkeztuz babesteko. Arrakasta handiz beti ere, horren erakusle da bigarren edizioa prestatzen ari direla euskarazko bertsioarentzat, eta prestatzen ari direla frantsesezko eta portugeseko bertsioak ere, eta ingelesezkoa ere bidean omen dago.

Eta zu, zeren zain zaude irakurtzeko? nork daki, komiki kategoriako lehen Euskadi saria izango da akaso…

ez_dago_euskadi_saririk_komikiarentzat3

Blagan taldeko Egunean Behin lehiaketako otsaileko irabazleek jaso dute bere alea (edo jasoko dute kalera irtetzen uzten digutenean…).

Kronikaren egilea: Mikeldi Zeberio, Blagankidea

 

Kultur ekintzen kronikak: “Zizelkariak Hondarribian”

Blaganek hilero antolatzen dituen kultur jarduerak bertan behera utzi behar izan ditugu, baina tarte honetan,  jadanik pasatu diren ekintzen inguruko hausnarketak ekarriko ditugu gogora. Hemen urtarrilean izandako  “Zizelkariak” jardueraren inguruko kronika, disfrutatu.

—————————–

Zizelkariak Hondarribian (*)

zizelkariak

Sustrai Colinak 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bukaerako agurra honela amaitu zuen:

Euskal Herria gelditu
ez dadin euskal erdian
bila ditzagun arnas ta
ardatzak periferian.

Aldiriko arnas bizigarri horren lagin polita eskaini digu Topatu.eus gazte proiektu komunikatiboak Zizelkariak izeneko dokumentalarekin. Euskal Herriko periferia erdigunera ekartzea helburua duen filmak gure geografiaren ertzetan hainbat mugimenduetan lanean ari diren sei gazteri ahotsa ematen die.

Urtarrilean Zizelkariak dokumentala ikusteko aukera izan genuen Hondarribiko Gatzetxean. Blaganek antolatutako urteko Kultur Programazioaren barruan, Ainara Conde eta Maddi Ane Txoperena lesakarrek azaldu ziguten ikusentzunezko horren ekoizpen prozesua.

Dokumentalak adierazten digu lur egurtua dela gurea eta sei gazte euskaldun hauek, ertzetako lur egurtuan jaio eta hazitakoak, arrotz sentitu izan direla kontatzen digute. Tuterako mugimendu feministako kidea den Edurne Sanchezek euskaraz hitz egiteaz lotsatzen zela aipatzen du. Euskaraz hitz egiteagatik oso markatua sentitu izan dela eta euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntza horretatik bizitu zuen feminismoaren beharra. Martta Irigoien gazteak dantza eta antzezpenarekin gorpuzten du euskara Amikuzen. Gazteek modu kolektiboan euskara Baxenafarroako paisaian gorpuzten dute Libertimenduaren bidez eta Irigoienen ustez, oso garrantzitsua da gorputza plazara eramatea euskaraz sortu den zerbaiten bidez. Irunberriko gazte musikaria den Ibai Osinagak ere euskaraz abestea hautu politiko gisa hartzen du.

Antzera mintzo dira Maika Alfaro, Jon Maruri eta Arkaitz López: despopulatzeaz, prekarietateaz, etxe hutsen arazoaz, langabeziaz, turismoaren arriskuez… Alduden, Ezkerraldean, Arabar Errioxan, Amikuzen, Irunberrin edo Erriberan bizi duten errealitate soziopolitikoa aldatu nahi duten euskal hiztun gazteak dira. Sei ertz, sei ahots, sei borroka. Lur egurtuan jaio eta zizelkari bihurtu diren sei gazte.

Lur eta hizkuntza egurtua da gurea, eta  Hondarribiko Gaztetxera bertaratu ginenon artean solasaldia interesgarria sortu zen. Filmean agertzen diren Tutera, Amikuze edo Ezkerraldeko gazteak “euskararen periferia geografikoan” erraz kokatzen ditugu. Baita Maule, Gasteiz edo Balmasedakoak ere. Azpeitia, Tolosa edo Oiartzun, ordea, erdigunean kokatuko genituzke. Baina, non ipiniko genuke Hondarribia? Euskararen erdigunea al da txol herri eder garbi hau? Non kokatuko zenuke Hondarribian euskaraz aritu nahi dutenak? Gizartearen erdigunean ala periferian? Zer gara euskal hiztunak Hondarribian erdigune ala ertz?

Ez dut uste garrantzi handiegirik duenik galdera horien erantzun zehatza zein den jakitea. Susmoa dut euskaraz aritu nahi dugun guztiok nahiko periferikoak garela, horregatik erdigunea eta ertza non kokatzen dugun baino, euskaraz lasai, lotsarik gabe eta lotsagabe egiten duten hiztunak behar ditugu: Alduden, Orion, Irunberrin eta Markinan. Hondarribian ere denon ekarpena ezinbestekoa da: kaletar, zahar, etorriberri, haur, gazte, kanpotar, baserritar, bañista ala gazte.

Zizelkariak dokumentalean euskaraz hitz egiten duten gazteak agertzen dira; Tutera, Arberatz, Mamariaga, Aldude, Irunberri eta Moretan euskaraz mintzo direnak. Askotan, kexu aritzen gara gazteen hizkuntza (eta bestelako) praktiken inguruan. Belaunaldien arteko kritikak ohikoak izaten dira, baina, ertz izendatzen ditugun herri horietan bezala, Hondarribian ere baditugu zizelkariak diren gazteak: Psilocyben musika sortzen, Billabak abesbatzan kantuan, mugimendu feministan berdintasunaren alde lanean, Gaztetxean ekimen ezberdinak antolatzen,  eta beste hainbat eta hainbat ekimen sustatzen, herrian eta herritik kanpo.

Geroa zizel, giroa pizten abesten du Olatz Salvadorrek Zizelkariak dokumentalerako egindako abestian. Hondarribian ere jarrai dezagun euskarazko giroa pizten, oraingo eta geroko zizelkari euskaldunak erdigune izan daitezen.

Post Scriptum: Zoritxarrez, Blaganek ezin izango ditu gazteekin batera jarduera gehiago antolatu Hondarribiko Gaztetxean. Martxoaren 5ean gaztetxea itxi baizuten, zizela ordez borra erabiliz; borra hitzak dituen lehen hiru esanahiak erabiliz: https://t.co/EU0lXOdihL?amp=1

(*) Testu hau Jakin aldizkariaren 236. alerako idatzitako artikuluan oinarrituta dago. Artikulu osoa hemen irakur daiteke: https://www.jakin.eus/blog/soziolinguistika/jaime-altuna-ramirez/erdigune-eta-ertzetako-zizelkariak/352

Kronikaren egilea: Jaime Altuna, Blagankidea

Egunean behin: Blagan taldeko martxoko eta denboraldiko irabazleak

Dagoeneko amaitu da Egunean Behin jokoaren denboraldi berria, eta sari bikoitzarekin gatoz: martxoko azken asteko irabazlearena eta denboraldi osoarena.

Martxoko azken asteko irabazlea “Olatz” izan da 543.50 punturekin.
Eta denboraldiko irabazlea “Iñigo” izan da 2119.44 punturekin. Zorionak bioi!!!

Hauek dira sariak:

  • Martxoko saria: Oihana Etxebarrieta eta Maria Ruizen “Argi-izpiak txarrantxen artean” liburua
  • denboraldiko saria: Iñaki Sanz-Azkuek eta Ainara Azpiazu “Axpi”-k elkarlanean egindako “Basoko begiak” liburua

Bi liburu hauen aurkezpenak gure kultur jardueretan programaturik genituen martxorako eta apirilerako, baina atzeratu behar izan ditugu eta oraingoz ez dugu datarik zehaztuta.

Hauekin batera, ale bana ere zozkatu dugu parte-hartzaile guztien artean. Kasu honetan, “Egoitz” izan da martxoko zozketan saritua, eta “Anezufi” izeneko jokalaria izan da denboraldiko saria jasoko duena. Zorionak bioi ere!!

Saria jasotzeko jarri arremanetan gurekin euskarazblagan@gmail.com helbidearen bitartez. Egoerak baimendu ahala ekingo diogu sari banaketari.

Mila esker eta zaindu zaitezte!!

Galdera_erantzunen_jokoa

 

Euskarazko baliabideen zerrenda UEMAren eskutik #EtxeanGoxo

Kaixo Blagankide eta Blaganzale! Hau luzerako doa eta irauten duen bitartean, badago zer eginik. Esate baterako, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) Etxean goxo egoteko euskarazko baliabideen zerrenda argitaratu du. Covid-19 birusak eragindako ezohiko egoera dela eta, etxealdiak irauten duen bitartean kontsultatu ditzakegun baliabideak dira, ikasteko, jolasteko, informatzeko…. Guztiak ere doan eta euskaraz. Sartu eta disfrutatu euskaraz!

Errigora eskariak Bordariko idazkaritzan egiteko aukera!

ErrigoraJPG

Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko azken egunak  hurbiltzen ari dira. Ez ezazu galdu aukera bertako eta kalitate bikaineko produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta eskuratzeko.

Bi aukera:

On-line INFORMAZIOA ETA ESKAERAK (epea Martxoak 12)

Bordariko idazkaritzan eskaera egin eta bertan jaso (epea Martxoak 15)

 

 

Bertso Zaharrak emanaldia Apirilak 3an – BERTAN BEHERA!

OHARRA: Emanaldia bertan behera gelditu da. Egoera normalizatzean berriz ere antolatzen saiatuko gera.
—————————————-
Blaganek bertso tailerrarekin batera BERTSO ZAHARRAK emanaldia antolatu du Apirilaren 3rako, ostirala,  Hondarribiko Olagarro Kultur Elkartean. 20:30etatik aurrera izango da eta prezioa 20€an (afaria + barrikotea).
Guztira 70 lagunentzako tokia izango da eta Blaganeko kideontzat 20 leku gordeta daude. Lehendabizi apuntatutakoak izango dute lehentasuna, beraz lehen bai lehen hasi izen ematen.
Izen emateko Xabier Isasiri idatzi whatsapa (629482433) edo mezu elektronikoa( xabisasi@gmail.com ) .
Ordainketa,  afari egunean,  Olagarron bertan egingo da.
Animatu!

Egunean behin: Blagan taldeko otsaileko irabazleak

Egunean behineko denboraldi berriarekin batera Blaganeko taldea sortu genuen,  eta orduan esan bezala: hilabete bakoitzeko azken asteko irabazleak izango du saria.
Otsaila joan da eta hileko azken asteko irabazlea belagile izan da, 528.97 punturekin. Zorionak!!!
Hil honetako saria otsailaren 12an gurekin egon ziren Yurre Ugarte eta Joseba Larratxeren “Joana Maiz” komikiaren ale bat da, egileek sinatuta!
Horrekin batera, beste ale bat ere zozkatu dugu parte-hartzaile guztien artean. Kasu honetan, Hondarraitzu izeneko jokalaria izan da irabazlea. Zorionak bioi!!

Saria jasotzeko jarri arremanetan gurekin euskarazblagan@gmail.com helbidearen bitartez.

Galdera_erantzunen_jokoa