Artikulua: UMEAK ERDALDUNTZEKO GIDA.

Bai, ondo irakurri duzu: umeak erdalduntzeko gida. Seguruenik arraroa egingo zaizula titular hori irakurtzea, eta are gehiago Hondarribia aldizkarian, Blagan Euskara Elkartearen atalean! “Ez al luke alderantziz izan behar? Umeak euskalduntzeko gida?” pentsatuko duzu. Baina guraso bazara segituan ulertuko duzu. Gauza da eskolan hainbeste euskara eta D eredu, eta etxean ere txikiei beti euskaraz, agian batzuk arduratuta ibiliko zarete -zer esanik ez gurasoak- gure gaztetxoenen etorkizunarekin: gaztelaniaz ongi moldatuko al dira? Ikasiko al dute? Ez al dira “euskaldunegiak” izango?

Ba, lasai. Ondorengo gomendio hauek jarraitzen badituzu, ikusiko duzu zure seme-alabek zein ondo ikasiko duten erdaraz. Gainera, egiteko oso erosoak dira eta ez duzu orain arte egiten zenuen ezer aldatu beharko, hau da, ez dituzu D eredutik atera beharko, ezta haiei euskaraz egiteari utzi beharko ere. Segi aholkuak eta ikusiko duzu zein erraz!

  1. Gurasoen artean erdaraz egin ezazue, ez du huts egiten. Nahiz eta haurrei euskaraz egin, zuen artean gaztelaniaz egiten baduzue, ikusiko duzue zein azkar konturatuko diren “handien gauzak” -gauza “garrantzitsuak”- erdaraz egiten direla.
  2. Lagunekin elkartzen zaretenean, edo telefonoz egiten duzuenean ere, egin ezazue erdaraz. Gero zuek eta zuen lagunek umeei euskaraz egiten diezuela? Egon lasai; helduek egiten dutenari arreta eta balio handiagoa emateko joera naturala dute-eta. Koxkortzen hasi ahala, hortxe hasiko dira laguntxoen artean, gurasoak euren lagunekin bezala, hitz eta pitz gaztelania “jatorrean”.
  3. Jolas-parkean ere, beste gurasoekin topo egiten duzunean, ez lotsatu, erdaraz egin. Horrela, ikusiko dute ez dela beren gurasoen -eta hauen lagunen- kontu bitxi bat bakarrik gaztelaniaz egite hori, gauzarik normalena baizik, guztiek egiten dutena.
  4. Herriko dendetara, tabernetara edota edonolako establezimendutara zoazenean, lehen hitza egin ezazu beti erdaraz, badaezpada. Seme-alabei argi geldituko zaie -aurreko guztiarekin gelditu ez bazaie; baina seguruenik gehienei bai- zein den benetan balio duen hizkuntza, zein den edonon eta edozertarako erabiltzekoa.
  5. Eta azkenik, jakin dezatela euskara kaxkarra dela euskararik “jatorrena”: hobe dela esatea “Eske Izaro nahi du yogur de fresa!” edo “Ekiren aitak ekarri dit etxera”, eta ez “Izarok marrubizko jogurta nahi du eta!” edo “Ekiren aitak ekarri nau etxera”. Horiek pedanteen gauzak dira eta, ikusiko duzu, umeei ez zaie pedanteak izatea batere gustatzen.

Ba honekin amaituta, eta lehen esandakoa: gomendio oso eginerrazak dira -ziur guraso gehientsuenek horietako batzuk praktikan jartzen dituztela dagoeneko- eta, gainera, oso eraginkorrak, ez da beharrezkoa guztiak egitea emaitza ona eman dezan.

Nire hitza ematen dizut: aholku hauek praktikan jarriz gero, zure seme-alabek gaztelaniaz ondo ikasiko dute. Are gehiago, ondo ikasi bakarrik ez, erdaraz bizitzen ere  ederki eta eroso ikasiko dute -agian euskaraz baino hobeto-. Horrela, ez zara gehiago arduratu beharko, ez dute “el moto”, “he cogido daño”, “no me toques los cuernos” edota halakoak botako, eta ez du inork haietaz barre egingo. Beno, baliteke horien ordez  “mina egin naiz” edo “ez ilea hartu” bezalakoak esatea, badakizu, gauza guztiek dituzte -txikiak izanda ere- albo-ondorioak; baina, tira, horiek ez dira hainbesterako… edo bai?

 Eneko Oiartzabal Gerriko, Blaganeko kidea

Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2017ko otsailako alea.

 

“Itxeki euskarari!”

Esaldi horrekin bat egiten duten hondarribiar euskaltzaleen argazkiak biltzen ari gara. 16 urtetik gorako gazteen eta helduen 500 erretratu lortu nahi ditugu, horiekin mosaiko erraldoi bat osatu eta abenduaren 3an erakusteko, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Hortaz,
   uste baduzu herria gorputza dela eta hizkuntza bihotza
   uste baduzu maite dugun hori zaindu egin behar dugula
   uste baduzu euskara lau haizetara zabalduaz zabalago egiten garela
   uste baduzu Hondarribia euskarari atxikia dagoela, itsasoari bezain, eta halaxe behar duela orain eta geroan ere,

BIDALI ZURE ARGAZKIA itxekieuskarari@gmail.com helbidera.

Edo, nahiago baduzu, udako asteburuetan, eguerdi partean, mahaia jarriko dugu San Pedro kalean eta argazkiak bertan egiteko aukera izango duzu.

Animatu zaitez eta parte hartu!

IMG-20171102-WA0001

Artikulua: ERDARAREN MISTERIOA

Irakurle, zenbatetan aditu ote duzu egungo gazteak erdaraz baino ez direla aritzen? Edo zenbatetan esan ote duzu, amorratuta, zeuk halakorik? Zenbatetan entzun ote dituzu, penaturik, neska-mutil euskaldun jator askoak gaztelaniaz blagan eta blagan? Edo zenbatetan eskatu ote diezu, desesperazioz, zeure seme-alaba nerabeei euskaraz egiteko? Badirudi, ahalegin guztiak eginda ere (etxean txikitatik umeei euskaraz, eskolan bizitza osoa D ereduan,  EGA ateratzeko egindako izerdiak…), ez dela nahikoa gaztetxoek gure hizkuntza ez baztertzeko, eta Cervantesen hizkuntzaren lilurak harrapatuta ez gelditzeko.

Eta ez pentsa, irakurle, horretara bakarrik mugatzen denik espainiera ahalguztidunaren boterea, ez: are urrunago doa eta ume txikienenganaino ere heldu da. Honelaxe esan zidan orain gutxi lagun batek, zeharo harrituta: “Gure hiru urteko semea gaztelaniaz hitz egiten hasi zaigu eta ez dakigu non ikasi duen ere! Guk -baita senideek ere- beti egiten diogu euskaraz, eta eskolan ere dena da euskara hutsez. Sinestezina benetan!”. Sinestezina, bai, eta misteriotsua. Nolatan da posible? Non datza espainolaren indarra? Airean dagoen birus bat bezalakoa da, geldiezina? Edo naturaz gaindikoa ote da, Jainkoa bezala, eta ezin zaio izkin egin? Baina, egiari zor, ni ez naiz inoiz oso sinestuna izan, eta gertaera horri azalpen arrazional bat bilatzen saiatu nintzen.

Horretarako, pentsatzen jarri eta inguruari erreparatu nion -terraza batean ginen, lagun koadrila bat, eta batzuen eta besteen seme-alabak batetik bestera zebiltzan jolasean-. Eta une hartan ohartu nintzen terrazako mahai buelta hartan ginen heldu koadrila osoa erdara hutsez ari zela jo eta su, ez bazen umeei edota txakurrei hitz egiteko, noski; eta tabernaren bazter batean dagoen telebista ere gaztelaniaz ari zela -eta aritzen dela ia beti-, baita barraren izkinan zeuden egunkariak ere. Egin kontu! Momentu batean begiak itxi, belarriak erne jarri eta Leongo alde zaharreko terraza batean nintzela imajinatu nuen -edo Madrilgo auzo bat ere izan zitekeen-, oporretan, tapa goxo eta merke horietako bat jaten eguzkitan; jakina, harik eta begiak ireki eta kontuan jan-edarien prezioa ikusi nuen arte: Hondarribian nintzen, dudarik ez.

Orduan, behin bidaia mental hartatik itzulita, haurrak imajinatu nituen beren buruari galdetzen: “Zergatik egiten digute helduek euskaraz guri eta txakurrei bakarrik? Gurasoentzat gu txakurren parekoak ote gara? Guk, ordea, ez dugu txakurrak bezalakoak izan nahi; guk handiak bezalakoak izan nahi dugu! Eta horretarako, handiek bezala, erdaraz egin beharko dugu, ezta? Gainera, nola ez dugu gaztelaniaz egingo, euskaraz egitea zaunka egitea bezala bada!”.

Baina agudo baztertu nituen pentsamendu horiek burutik; ziur nago neska-mutikoek ez dituztela halako burutazioak izaten. Zergatik pentsatuko dute halakorik? Horixe ikusten dutelako? Zer ikusi, hura ikasi? Baita zera ere! Badakizu, umeek ez diote ingurukoari erreparatzen; ez diote munduari eta ikusten dutenari kasurik egiten; ez dute inolako kuriositaterik. Eta, zer esanik ez, sekula ez dituzte helduen -eta batez ere gurasoen- portaerak imitatzen. Hori pentsatzea ere!

Azkenean, ideia absurdo bat baino ez zela ohartuta, errealitatera itzuli nintzen, terrazara, lagunarteko berriketa lasaiera. Hortxe aritu ginen, arratsera arte, gure seme-alabek zein marrazki bizidun ikusten dituzten komentatzen: Pocoyò, Peppa pig, Bob Esponja, Dora la Exploradora… Kontxo, hor ere euskarazkoen arrastorik ez! Berriro etorri zitzaizkidan aurreko ideia zoroak burura…

Baina, irakurle, lasai, segituan konturatu nintzen baztertu beharreko txorakeriak zirela, burutazio zentzugabeak, eta hobe zela horiek behingoz burutik kentzea; azken batean, ez dezala misterioa galdu kontuak! Hobe, etxeko txikiak erdaraz entzutean, harritu aurpegia jartzen segitzea eta, gero, liluraturik, esatea: “Non ikasi ote dute? Hain da misteriotsua erdararen indarra! Sinestezina benetan!”.

Eneko Oiartzabal Gerriko, Blaganeko kidea

Artikulua: RIDIKULURIK EZ, MESEDEZ

Ideia zabaldua da pertsona baten ahotsak, hizkuntza batean edo bestean ari den, doinu ezberdina hartzen duela. Ez dakit zehatz-mehatz zer den aldatzen dena -ahoskera, tonua, tinbrea…-, baina badirudi hizkuntza bakoitzak baduela bere “melodia”. Eta ez naiz ni izango hori zalantzan jartzen duena: niri, adibidez, beti iruditu izan zait emakume estatu batuar guztiek “normala” baino tonu batzuk altuago hitz egiten dutela ingelesez ari direnean; eta gaztelaniaz hasten direnean, berriz, jaitsi egiten zaiela, eta ez da hain zorrotza izaten. Beraz, horraino dena ondo, dena normal.

Baina gurean -Hondarribian eta Euskal Herrian- kontu hauetan ere, nola ez, normaletik baino haratago doazen gauzak gertatzen dira: zenbaitzuri, euskaraz hitz egiten dutenean, doinua bakarrik ez, guztia aldatzen zaie. Pertsona goitik beheraino transformatzen da, ridikuluraino.

Esate baterako, badut ezagun bat beti erdaraz aritzen dena, baina zu euskaraz hurbilduz gero, ez du ridikuluarena egiteko aukera pasatzen uzten. Normal-normal egotetik, euskaraz hitz egiten hasi eta, bat-batean, hortxe jartzen zaizu izugarrizko kolpeak jotzen bizkarrean, harro-harro bularra puztuta eta besoak zabal-zabalik, harri bat jasotzen edo aizkoraz enbor bat mozten hasi beharko balu bezala.

Eta hizketan… Ai ama, hizketan! Ziur imajinatzen duzuela: ozen-ozen, ahoskera txol esajeratuarekin “kaguen zzzotzzzzzz!”, “izzzzugarriya!” eta halakoak botatzen, “z” eta “tz”-ak neurriz kanpo markatuz.

Beno, eta gaia ere, ia beti berdina: “Euskaldunak “la ostia” gara!”. Ez dute ia inoiz euskaraz egiten, baina egiten dutenean halako “euskal harrotasuna”  pizten zaie, ematen du gauza guztietan onenak garela. Zein astunak jartzen diren!

Eta, noski, halako “ikuskizun” baten aurrean, hor zaude zu, pentsatzen: baina tipo hau ergela da edo zer? Zergatik jartzen da horrela euskaraz hasten denean? Akaso uste du euskaldunok “Vaya Semanita”-n edo “Ocho Apellidos Vascos”-en agertzen diren moduko parodiak garela? Hori ulertuko nuke,  beharbada, andaluziarra-edo balitz; badakizu, betiko estereotipoak. Baina hori Hondarribian ikusi behar izatea ere! Noiz eta XXI. mendean! Eta jende gaztea, gainera! Flipatzekoa!

Orduan, zuk pentsatzen jarraitzen duzu: eta orain zer? Esango diot, mesedez, ridikulurik ez egiteko, edo aurpegira barre egingo diot -ea, horrela, konturatzen den egiten ari den ridikuluaz-, edo zuzenean garondoko bat emango diot? Ez dakit. Beharbada, hasteko, onena izango da “mesedez, ridikulurik ez” esatea, xuabe-xuabe. Baina horrek ez badu funtzionatzen, zapla! Garondoko eder bat. Eta aurpegira barre egitearena? Hori, hobe azkenerako uztea; kolpearekin jarriko duen aurpegiarekin bai egingo duzula barre!

Eneko Oiartzabal Gerriko, Blagan-eko kidea

Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2016ko maiatzako alea.

Artikulua: EUSKARA, GURE KULTURA ALA FOLKLORE HUTSA?

Ziur aski, jendeari galdetzen badiozu zer den euskal kultura, askok halako zerbait erantzungo dizute: kapelua, trikitixa, euskal dantzak eta horrelakoak. Baina nik esango nuke horiek ez direla gure kultura, gehienez ere gure kulturaren zatitxo txiki-txiki bat: folklorea, hain zuzen.

Baina, orduan, zer da kultura? Bada, gure bizimodua. Edo bestela esanda, gure eguneroko bizitza egiteko ditugun ohitura eta usadioak; adibidez: frantziarrek hamabiak aldera bazkaltzen dute eta espainiarrek hirurak pasata -eta euskaldunok?-; portugaldarrak, lagunekin gelditzen direnean, kafe baten inguruan -eta kalean- izaten da normalean; suediarrek, berriz, etxeetan elkartzeko ohitura handiagoa dute; Estatu Batuetan kirol nagusiak saskibaloia, futbol amerikarra eta beisbola dira; Erresuma Batuan, berriz, errugbia eta futbola… Eta horrela jarraitu genezake gizarte eta kultura ezberdinen ezaugarriak aipatzen.

Gauzak horrela, argi dago gure kultura gaur egun gehiago dela bixera janztea kapelua baino, eta rock musika entzutea trikitixa baino, eta Beyoncéren mugimenduak imitatzea fandango eta arin-arina dantzatzea baino. Noski, batzuek egingo dituzte gauza horiek, eta haientzat euren kulturaren parte izango dira, baina ez dira inondik inora ere euskal gizarteko joera nagusiak. Agian garai batean izan ziren, baina gaur egun ez, eta horretxegatik diot folklorea direla gehienbat, horixe bera baita folklorea: garai bateko ohiturak tradizio bihurtu, altxor baten moduan kutxatxo batean gorde, eta ospakizun edo ikuskizun berezietan kutxatik atera eta gogora ekartzea -Irungo Euskal Jiran baserritarrez janzten direnean bezala-.

Eta zer ikusi du honek guztiak euskararekin? Bada, asko. Euskal Herrian gaur egun mundu guztia omen dago euskararen alde, denek maite omen dugu gure hizkuntza, baina batzuek benetan nahiago lukete euskara folklorearen kutxan gordeta balego, museo bateko bitrina eder eta handi batean nahi baduzue, baina txoko batean gordeta, gehiegi molestatu gabe -batez ere erdaldun elebakarrei-. Hori bai, gero, ospakizun berezietan -Kilometroak, Euskararen Eguna…- altxor preziatua balitz bezala atera eta gogora ekarriko dute, lorez bete eta goraipatu egingo dute, hurrengo egunean berriro kutxa batean jasota uzteko.

Eta hortxe dago koska: zer nahi dugu izatea euskara? Gure kulturaren parte, gauza bizi bat, gure eguneroko bizitzan darabilgun komunikazio tresna? Ala folklore hutsa, gauza fosilizatu bat -hila, latinaren antzera-, tradizio eta ospakizun jakinetan soilik gogoratzekoa? Bestela esanda: zer egingo dugu? Jasotakoa ondarea -euskara- erabili eta etorkizun oparo bat eskaini? Edo bitrina eder batean jaso eta iraganeko altxor baten gisara gurtu? Gakoa gure esku dago.

Eneko Oiartzabal Gerriko; Blagan-eko kidea

Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2016ko abuztuko alea.

“Azken Zakatzak” poesia liburuaren aurkezpena oso ondo joan zen.

Atzoko poesia aurkezpenera jende ugari etorri zen eta oso ondo egon zen. Batetik solasaldia ederra izan zen. Poesiaz, literaturaz, gizarteaz, Hondarribi herriaren bilakaera, arrantzaz, itsasoaz, munduaz, hizkuntzaz… gogoeta txol interesgarriak egin zituen Martxelek. Bestetik, Kote Gebarak liburuaren aurkezpena egin zuen irakurtzera animatuz. Gorka Bereziartuak galderak txukun prestatu eta bideratu zituen solasaldi atsegina bihurtuz. Amaitzeko Martxelek bi poesia errezitatu zituen musikaren laguntzarekin.

Esan bezala Kultur Etxeko aretoa lepo bete zen: 56 lagun elkartu ginen, eta gauza ez-ohikoa, poema liburu baten aurkezpen baterako!

IMG-20170608-WA0002 IMG-20170608-WA0001 IMG-20170607-WA0002 IMG-20170607-WA0001

Lehenengo Blagan eguna ederki ospatu genuen!

Gure lehen Blagan Eguna, eguraldiaren konplizitaterik batere gabe, aurrera atera genuen atzo, eta nota onarekin, askoren ustean behintzat. Goizean Arraun elkarteko traineruan pankarta itsasotik lehorrera eraman ondoren, Abiyuan txarangak lagunduta kalejira egin zen. Soroetako frontoian “mosaikoa”ren ekimenaren aurkezpena egin ondoren, paella goxo-goxoa dastatzeko aukera izan genuen. Eta ondoren dantzara! Dantzan, bai, asko eszeptiko samar ginen Ttipikak agindutakoa lortuko ote zuen, eta baietz esan behar da, gutxi izango baitziren batere dantzarik egin ez zutenak. Elektropatxarangak, bestetik, jende gazte asko hurbilarazi zuen arratsaldeak aurrera egin ahala. Aipatzeko beste gauza asko ere izango dira eta joango gara polikiago horiek partekatzen. Polita izan zen belaunaldi guztietako jendea elkartzea eta denak elkarrekin blagan eta dantzan aritzea. Eskerrik asko hau dena posible izateko hainbeste lan egin duzuen guztioi eta partehartzaileei ere!!

blagan_eguna_05 blagan_eguna_01 blagan_eguna_04 blagan_eguna_03 blagan_eguna_02

KOMUNIKABIDEETAN BLAGAN EGUNARI BURUZ ATERATAKO ZENBAIT ALBISTE:

BIDASOKO HITZA, 2017/06/03,Itsasotik lehorrera, “Itxeki euskarari, itsasotik lehorrera”, Asier Perez-Karkamo : Atzitu

BIDASOKO HITZA, 2017/06/02,Eguraldiak Soroetara mugituko du Blagan Eguna”, Asier Perez-Karkamo : Atzitu

BIDASOKO HITZA, 2017/06/02,Biltzea da bilatzen duguna, euskaldunok elkartzea”, Asier Perez-Karkamo : Atzitu

EL DIARIO VASCO, 2017/05/31,Euskara festa giroan bizitzeko aukera”, Joseba Zubialde : Atzitu

ZAZPI ALDIZKARIA, 2017/05/31,“‘Blagan Eguna’ el sábado en Hondarribia” : Atzitu

NOTICIAS DE GIPUZKOA, 2017/05/31,Blagan Eguna ospatuko dute larunbatean Hondarribian”, Xabier Sagarzazu : Atzitu