Datorren maiatzak 10ean “Burbunak eta etsayak” ikusteko aukera izango dugu Hondarribian. Ondoren egileekin solasaldia izango da. Zatoz Kultur Etxeko Areto Nagusira arratsaldeko 19:00tan.
Dokumentalaren trailerra:
Datorren maiatzak 10ean “Burbunak eta etsayak” ikusteko aukera izango dugu Hondarribian. Ondoren egileekin solasaldia izango da. Zatoz Kultur Etxeko Areto Nagusira arratsaldeko 19:00tan.
Dokumentalaren trailerra:
Badakit euskaldunok konplexuz beteta gaudela geure hizkuntzari dagokionez: txikia dela, arraroa dela, zaharra dela (ez modernoa)… Eta, jakina, ideia hori berretsi egingo dute ondoan ditugun hizkuntza latinoekin alderatzen dutenek, horiek handiak baitira eta elkarren antzeko. Baina ikuspegia zertxobait zabaltzen duenak ikusiko du badirela munduan gurea baino hizkuntza txikiagoak (izan ere, gehienak halakoxeak dira), arraroa ala arrunta izatea erlatiboa dela (txinatar batentzat zein ote da arraroagoa, euskara, gaztelania ala alemanera?). Eta txikiak edota ondokoekiko ezberdinak izategatik ez dabiltza guztiak konplexuz beteta, ikus, bestela, islandiarrak eta finlandiarrak, hurbileko kasu batzuk aipatzearren.
Beraz, argi dago konplexu horiek hizkuntzaren beraren ezaugarriengatik baino, egoera soziolinguistikoarengatik gertatzen direla/zaizkigula: azken mendeetan azpiratua, zapaldua, gutxietsia eta barregarri utzia izan da euskara eta euskaldunak, eta horren zama oraindik ere gainean daramagu, guztiz kendu ezinik.
Baina ez nuen pentsatzen gaur egun oraindik hainbestekoa zenik konplexu hori, eta berau kentzeko ahalegina egitetik urrun, indartu egiten duen joera ridikulu batek gurean hainbesteko indarra hartuko zuenik. Guztiari ingelesezko izena jartzeaz ari naiz, horixe bera gertatu baita orain gutxi egin den Euskal Herriko Itzuliarekin. Ez diote Itzulia Basque Country izena jarri ba?!?! Hori bakarrik behar genuen!
Hala ere, esan behar da ez dela gauza berria, ez. Hor ditugu Bilbao Exhibition Center, Basque Culinary Center, Gipuzkoa Basquet Club… Baina oraingoan ez dute gauza berri bat sortu ingelesezko izenarekin, baizik eta lehendik ere bazegoen eta bere izena zuen zerbaiti aldatu diote izena. Horrela, hasieran gauza “puntuala” zirudiena joera orokor eta gero eta jasanezinagoa bilakatzen ari da, eta anekdota huts izatetik haratago igaro dela iruditzen zait.
Horren erakusle, beste adibide bat: orain gutxi Ficoban garagardo-azoka bat antolatu zuten, asteburu batez egin zena. Ba al dakizue zein izan zen haren izena? Bask´n Brew Beer Festival, ez gehiago, ez gutxiago. Harrapazank! Eta ez pentsa atzerritarrez bete zenik, ez, izenak dioen bezala, euskal garagardo ekoizleak izan baitziren bertako protagonistak, eta bezeroak ere, ia denak euskal herritarrak. Beraz, aitzakia gutxi.
Baina irudipena dut zenbaitetan ingelesezko izena jartzen dela euskaldunok ez kexatzeko: halakoetan, sarri(egi)tan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izan ohi da eta gaztelania (edo frantsesa) jaun eta jabe, baina, antza denez, ingelesezko izena jarrita, uste dute euskararen bazterketa hori ezkutuan gelditzen dela, disimuluan-edo, besteok ergelak bagina bezala…
Eta, hain zuzen ere, horixe gertatu da Itzulia Basque Country-rekin, kontua are mingarriagoa eta iraingarriagoa bihurtuz: izen ofizialei muzin egin eta “Elgueta” edo “Igueldo” modukoak jarri dituzte lasterketako karteletan. Hortaz, euskarazko izena baztertu, ingelesezkoa jarri eta, gainera, herrien izenak espainol garbian jarri, horiek bai, inolako konplexurik gabe. Hertzainak taldeak zioen bezala: “Hauxe duk, hauxe, gure destinu petrala!”.
Eneko Oiartzabal Gerriko
Hondarribia aldizkarian 2018ko apirilean argitaratua
Aurtengo MINTZA EGUNA eta BLAGAN EGUNA Hondarribian ekainaren 2an ospatuko da. Egitaraua:
11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa.
12:00 Bi proposamen, aukeran:
* Hondarribia ezagutuz Ibilbide gidatuak: gaztelua, eliza eta tren berdean ibilbide panoramikoa.
* Irrati Saioa eta baserritarren azoka San pedro kalean.
13:30 Kalejira animatua. Abiyuan txarangarekin
14:30 Bazkaria
16:30 Esker emate ekitaldia.
17:00 Dantzaldi gidatua Errebal taldearekin
19:30 kontzertua Gorpunzkingz.
20:30 Kontzertua elektropatxaranga.
Bazkarirako izen ematea laster zabalduko da. Menu ezberdinen, prezioen berri: http://www.mintzalaguna.eus
Asisko Urmeneta gure artean izango dugu EuskLABO ALAIAK komiki albumaz SoLASALDIA egiteko. EuSKLABO ALAIAK parodia politiko satirikoa da Euskal Herriak bizi duen momentu historikoari buruz: ez du deus asmatzen, agerikoa nabarmendu egiten du. Umorezko terapiari esker autoestimua ere landu dugu, eta amaiera zoriontsua proposatu. Informazio gehiago:
Hasi da pixkanaka-pixkanaka udaberriaren epela agertzen, eta hasiak gara eguneko planak eta bidaiak antolatzen. Ziur zuk ere bidaiak egiten dituzula, ezta? Bada, halakoak egiteko zailagoa den sasoia, negu gorria, neuk bestelako bidaiak egiteko probesten dut: Antzinaroko inperioen garaira, Erdi Aroko erresumetara, mamut eta oreinak ehizatzen zituztenen leize-zuloetara… Eta oraingoan etorkizuneko Europara bidaiatzea erabaki nuen, geroak ere beti baitu bere xarma, ezta?
Bai, ondo irakurtzen ari zara, nik, neguan, tokietara ez, garai ezberdinetara bidaiatzea dut gogoko. Baina, aizu, bakoitzak bere apetak ditu: batzuek urruneko toki beroak atsegin dituzte, beste batzuek elurra dute nahiago, beste batzuek hiri handi eta grisak… Bada, nik garai ezberdinetara bidaiatzen dut.
Eta gauza da etorkizuneko Europan barrena nenbilela, agiri oso interesgarri bat heldu zela nire eskuetara, eta bertan jartzen zuena hona ekartzeko oso aproposa iruditu zitzaidan. Testua, berez, neoalemanieraz idatzita dago, 2025 urtean sortu zen/sortuko den Europar Inperioko hizkuntza ofizialean, baina garai honetako irakurleek uler dezazuen, neuk euskarara itzulita ekarri dut hona:
Europako Auzitegi Gorenak, Espainiako eta Frantziako Länderren (eskualde autonomoen) kexei erantzunez, honakoa ebatzi du:
Ezin da Erakunde Publikoetako lanpostuetarako deialdietan, baita Espainiako eta Frantziako Länderretako postuetan ere, hizkuntza erregionalak jakitea beharkizun gisa ezarri, hizkuntza nazionala –neoalemaniera- soilik dakiten gainerako herritarrentzat diskriminatzailea delako.
Erakunde publiko oro behartuta dago edonolako erakunde eta herritarrekin dituen harremanetarako sortzen dituen agiri eta dokumentu ofizialak europar guztion hizkuntza ofizialean, nazio-hizkuntzan –neoalemanieraz, alegia- egitera, baita espainiera eta frantsesa koofizialak diren lurraldeetan ere. Erabaki hau ez doa erregio-hizkuntzen aurka, berauek koofizialak diren eremuetan hizkuntza nazionalarekin batera erabiltzeko aukera izango dute-eta, betiere, hala nahi izanez gero.
Hezkuntza publikoan bermatuta egon behar da neoalemaniera komunikazio-hizkuntza gisa duen eskolaratze-eredua, gurasoek hala nahi izanez gero, baita nazio-hizkuntzaz gain beste hizkuntza ofizial bat duten Länderretan ere. Oroitarazi behar da erregio-hizkuntzan (kasu honetan, frantsesez edota espainolez) ikasteko eskubidea onartua badago ere, Europako hiritar guztiek nahitaez jakin beharreko hizkuntza bakarra hizkuntza nazionala dela, hau da, neoalemaniera.
Noski, erabaki hau ez zaie batere gustatu frantses eta espainolei, ezta gainerako erregioei ere, eta normala da. Alemaniarrei gainerakoen gainetik jarri izana leporatu diete, eta arrazoi osoz. Baina, nahiz eta niri ez gustatu batere neoalemanieraren posizio menperatzaile/inperialista hori, egia esan, ezin izan dut saihestu irribarre maltzur bat, frantses eta espainolak ataka horretan ikusita. Zeren eta akaso ez al da hori bera gaur egun haiek guri egiten digutena? Hala, “Odolkiak ordainetan!” izan da burutik pasa zaidan lehen gauza.
Eta esango duzu: eta epai horrek ez al die euskaldunei eragingo, ala? Edo desagertuta egongo gara ordurako? Edo herri burujabe bat izango gara eta horregatik erabaki horrek gurean ez du eraginik izango? Bada, ez dizut den-dena kontatuko, ezta? Bestela, bidaiatzeak misterioa eta xarma galduko luke.
Nik gauzatxo bat bakarrik esango dizut: segi dezagun jo ta ke lanean, gure gurasoek lehenago egin zuten bezala, eta horiek baino lehen gure aitona-amonek, munduko kultur-aniztasunarekin akabatzen ari den “sistema global” honen aurrean euskaldun gisa bizitzeko dugun eskubidea tinko defendatzen. Eta horrela eginez gero, baliteke etorkizunean hemen deskribatutako egoera iraganeko amesgaizto bat baino ez izatea euskaldunon oroimenetan.
Zeren eta, badakizu, denborak bakoitza bere tokian jartzen du: menperakuntza ereiten duenak, menperakuntza bilduko du; ezer ereiten ez duenak, ez du ezer bilduko; eta norberaren kultura ereiten duenak, kolorez betetako mundu bat bilduko du.
Eneko Oiartzabal Gerriko
Hondarribia aldizkarian 2018ko martxoan argitaratua
Martxoaren 15ean Rosa Arburuak egindako ikerketari buruzko solasaldia Hondarribian. “Emigrazio garaiak ziren. Noiz ez da emigrazio garaia?” “Gizakion historia migrantea da; migrazioaren aurkako jarrerak gizakiaren funtsaren aurka egitea da”
Gure gizartean badago dena sailkatzeko obsesio bat, eta ni ere, zer demontre, ez naiz gutxiago izango. Artikulu honetan euskaldun moten sailkapen bat egitea erabaki dut, oso zientifikoa, eta norbera zein motatakoa den jakiteko test labur bat ere egin dut, gainera. Testa egitera animatzen zaitut, baietz asmatu zu zein motatakoa zaren!
Testa:
Denda edota taberna batera zoaz eta bertako langileak ez du euskaldun bati dagokion sudur-mokoa (Cafes Aitona-koa, alegia), zein hizkuntzatan egingo diozu lehen hitza?
a) Euskaraz, besterik ez dakit eta!
b) Euskaraz, nire eskubidea da eta!
c) Erdaraz, badaezpada ere!
d) Erdaraz, nola bestela?
Ligatzeko asmoz hurbildu zara harengana eta ez da euskararen aldeko jai bat, ezta baserritarrez janzten zaren egun horietako bat ere, zein hizkuntzatan egingo diozu lehen hitza?
a) Euskaraz, zer erremedio!
b) Euskaraz, euskalduna ez bada, ez zait interesatzen!
c) Erdaraz, aukerarik ez galtzeko!
d) Erdaraz, noski! Askoz ere sexy-agoa da!
Turista bikote bat hurbildu zaizu, mapa batean toki bat adieraziz eta txineraz hizketan (besterik ez baitakite), zein hizkuntzatan emango dizkiezu jarraibideak?
a) Euskaraz, txineraz ez dakit eta!
b) Euskaraz, gure hizkuntza hori da eta!
c) Erdaraz, errazago ulertuko dute, ziur!
d) Erdaraz, hizkuntza unibertsal batean hobe!
Lagunen artean zabiltzate euskaraz hitz egiten, bat-batean, pertsona bat hurbildu da erdaraz berriketan, zuk zein hizkuntzatan jarraituko duzu?
a) Euskaraz, bestela ez bainaiz ondo moldatzen!
b) Euskaraz, nik neureari eutsi behar diot, kosta ahala kosta!
c) Erdaraz, errespetuagatik!
d) Lagunartean euskaraz? Ni, behintzat, inoiz ez!
Egunean jartzeko azken berriak irakurri nahi dituzu interneten, euskarazko egunkari batean ala erdarazko batean, non begiratuko duzu?
a) Internet? Nik ez dut halakorik erabiltzen!
b) Beti euskaraz! Euskaraz dagoen guztia irakurtzen dut, nahiz eta aspergarria izan, eta erdaraz dagoen ezer ez, nahiz eta interesgarria izan.
c) Erdaraz, euskaraz hitz oso arraroak -ia ahoskaezinak- erabiltzen dituzte eta! Hori bai, “superkalifrajilistikoespialodoso” alderantziz ere esaten dakit.
d) Internet euskaraz? Baina hori existitzen da?
Emaitzak:
Erantzun gehienak “a”: Azken Mohikanoa
Euskara da ondo menperatzen duzun hizkuntza bakarra, eta gainerakoekin, jakitekotan, trakets moldatzen zara. Zure espezieko azkenetakoa zara, azken Mohikanoa. Are gehiago, ziur aski ez zara benetan existitzen ere, eta iraganeko mamu bati idazten ari natzaio.
Erantzun gehienak “b”: Talibana
“Euskaraz bizi nahi dut” leloa muturreraino daramazu, Joxe Manuel Odriozola eta Pako Aristiren jarraitzaile sutsua zara, eta beti zabiltza eskubideak gora eta eskubideak behera. Batzuek, berriz, zure jarrera erradikaltzat dute, eta argi dute zurea erdaldunen aurkako Gurutzada Santua dela, inposizioa: zer izango da hurrengoa? Euskaraz normal-normal bizitzea? Taliban hutsa zara! Normal bizitzeko, dagoeneko baditugu gaztelania edo frantsesa, euskara zertarako?
Erantzun gehienak “c”: Zibilizatua
Zure leloa “Euskara asko maite dut” da, eta zure hitz gogokoena, “errespetua”. Taliban fundamentalistek ez bezala, zuk badakizu maitekorra izaten, eta ez du axola erdaldun bat egotea ehun euskaldunen artean, zeu beti egongo zara erdaldun hori etxean bezala, eroso-eroso sentiarazteko prest: guztiak erdaraz eta kitto! Hori bai, gero sedukzio-armak erabiliko dituzu -erdaraz, jakina- erdalduna euskarara erakartzeko, besteak beste, euskara zein zaharra, bitxia eta ederra -exotikoa- den esanez.
Erantzun gehienak “d”: Munduko hiritarra
Zuri euskarak bost, eta zure euskalduntasuna ia sekretuan daramazun horietakoa zara. Euskaraz bizi nahi izatea “txokokeria” hutsa iruditzen zaizu, mundu zabalari itxita egotea. Argi duzu munduko gatazka gehienen iturria nork bere herri, nazio eta hizkuntza defendatu nahi izatea dela. Zuregatik balitz, mundu osoan hizkuntza bakarra hitz egingo litzateke, hizkuntza unibertsal bat, oso “kosmo-polita” baitzara. Baina hori bai, zure kosmosa, polita baino, mugatua eta indartsuen kosmosa baino ez da. Izan ere, zuretzat unibertsalak herri eta nazio boteretsuen hizkuntzak dira -ingelesa, frantsesa, gaztelania…-, eta horiek bakarrik. Badaezpada ere, zuk esperantoaz, tutik ere ez.
Eneko Oiartzabal Gerriko
Hondarribia aldizkarian 2018ko otsailean argitaratua