EMAN DEZAGUN UMORE! solasaldia Martxoaren 21ean

Zer da umorea? Nola eta zertarako erabiltzen da? Mugak jarri behar al zaizkio umoreari? Umorea errealitatearen isla al da? Zer umore diskurtso mota daude Euskal Herrian? Euskaldunoi zerk ematen digun barregura eta zerk ez? Zer umore mota dago bertsolaritzan? Datorren ostegunean, martxoaren 21, Kultur Etxeko 103 gelan izango ditugu Uxoa Anduaga eta Ane Labaka kontu hauetaz guztietaz solasteko.
image

Norbaitek eman beharko lehen urratsa, ezta?

Ezagutzen duzue Twelve Angry Men filma? 1957koa, Sidney Lumetek zuzendua eta besteak beste, Henry Fonda ospetsua duena aktore. Zinemagintzan klasiko bihurtu den horietakoa. Euskaraz “Hamabi gizon sumindu” edo halako zerbait litzateke, nahiz eta, egia esan, hamabi horien artean emakumeak ere badiren, baina, tira, “gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia” abesten zen garai berekoa da, eta badakizu, orduan ez zen gaur egun dagoen kontzientziarik.

Baina goazen harira. Honakoa da istorioaren hasierako egoera: mutil gazte bati erailketa bat leporatzen diote eta heriotza-zigorra jar diezaioketen epaiketa amaitu berri da. Orain, epaiaren ordua da: herri-epaimahaiko hamabi kideak gela batean sartu dira errudun ala errugabe den erabakitzeko, eta ezingo dira bertatik atera epaia aho batez adostu arte.

Gelan sartu bezain laster, deliberazio eta eztabaidetan luzatzen hasi aurretik, bozketa egitea erabakitzen dute, gauzak nola dauden ikusteko. Eta badirudi kontua di-da amaituko dela, guztiak baitaude errudun jo eta heriotza-zigorrera kondenatzearen alde… Guztiak, bat izan ezik.

Eta hortxe hasten da saltsa! Batetik, heriotza-zigorra itsu-itsuan defendatzen dutenak; bestetik, errugabetasunari tinko eusten diona, bakarra; eta erdian, azkenik, gehiengoa. Azken hauek ez dute uste sendoegirik, ez heriotza-zigorrari dagokionez, ez gaztearen erruduntasunari dagokionez, eta buruan gauza bakarra dute: ez daude arratsaldeko beisbol partida edota ilunabarreko antzerki-saioa galtzeko prest (edo futbola eta opera ziren? Barkatu, baina buruz ari naiz eta). Gauza da euren ohiko bizimodura itzuli nahi dutela, kosta ala kosta, mutil baten bizitza jokoan dagoela askorik axola gabe.

Gauzak horrela, azkenean, amore emango ote du errugabetasuna defendatzen duenak? Ala egoskor jarriko ote da? Nork konbentzituko du nor? Zerk eragingo du bakoitzaren erabakian? Epaian azaldutako frogek? Norberaren aurreiritziek? Ala amaitzeko presak eragindako axolagabekeriak? Eta hortxe dago filmaren gakoa, norberaren dilema moral horietan.

Eta zertara datorren hau guztia? Gauza da, ingurura begiratzen dudanean, antzeko egoera irudikatzen dudala sarritan. Demagun, hamabi laguneko taldea: alde batean, heriotza-zigorraren defendatzaile sutsuak diruditenak, haiengana behin eta berriz euskaraz zuzenduta ere, beti erdaraz erantzuten dizutenak, euskaraz jakin arren; beste aldean, euskarari tinko eusten diona, (ia) bakarra, erdararako inertziari aurre egiten diona ahal duen moduan; eta erdian, gehiengoa, uste sendoegirik gabekoak, eta erraztasun eta erosotasunagatik joera nagusiarekin (erdaraz egitearekin) bat egiten dutenak, horrekin hizkuntza baten (geure hizkuntzaren!) biziraupena jokoan dagoela askorik axola edo ohartu gabe.

Baina ez dut ezkor amaitu nahi; azken batean, filma ere ez dizuet esan nola amaitzen den, ezta?Erdian dagoen gehiengo horrek, euren bizimoduetara itzultzearren, heriotza-zigorraren aldeko jarrerari eutsiko dio? Ala jokoan dagoenaz ohartu eta kontua serioago hartzeko prest egongo dira? Pertsona gehienek lasai eta eroso bizi nahi izaten dute, eta horrek unean uneko eta tokian tokiko joera nagusira moldatzea ekarri ohi du, ondorioetan gehiegi pentsatu gabe. Baina ziur nago horietako asko, jokoan zer dagoen ohartutakoan, erosotasun horretatik pixkatxo bat ateratzeko prest leudekeela. Nik, behintzat, hala pentsatu nahi dut.

Hori bai, horretarako, filmean bezala, ezinbestekoa da sortutako inertzia edo joera nagusi horri tinko aurre egingo dion norbait egotea, gainerakoak erosotasunetik aterarazi eta jarrera hartzera behartuko dituena: mutilari/euskarari heriotza-zigorra ezartzearen alde ala aurka? Lehen urrats hori emango duenik gabe, guztiek erraz eta erosoenera jo, eta heriotza garaile.

Beraz, heriotzak irabaztea nahi ez baduzu, eta zure lagunarte, familia, lankide talde eta abarretan oraindik inork ez badu lehen urrats hori eman, norbaitek egin beharko du, ez duzu uste?

Eneko Oiartzabal Gerriko

Blagankidea

Hondarribia aldizkariko otsaileko zenbakian argitaratua, eta Bidasoko Hitzan ere 2019ko otsailaren 22an:

Norbaitek eman beharko lehen urratsa, ezta?

Bertso-galdera bidez gidatutako solasdia: Euskara oholtzatik at!

“Kantatzen dun herri bat ez da inoiz hilko” eta “euskalduna bazara hitz egidazu euskaraz” bezalako abestien backstagean euskararen egungo egoera zein den jakiteko asmoz elkartu ditugu Manu, Fermin eta Galder.  Mikrofono aurrean euskararen presentzia bermatu xamar dugu horiekin, baina oholtzapeko egoera soziolinguistaren inguruan sakondu nahiko genuke, hori baita euskararen sukalde, motor edota errealiatearen islada. Zein da musikarien, antolatzaileen, musikazaleen…hizkuntz joera teloia jaisten denean? Ba al dauka musikak jendartearen hizkuntzaren erabileran eragiteko gaitasunik? Horren inguruan hitz egingo digute Fermin Muguruzak eta Galder Izagirrek, Manu Goiaganak gidaturiko bertso-galderen bitartez.
2019-02-06 Euskara oholtzatik at

Eta aurten zer? iritzi artikulua.

Bidasoko HITZAren 2019ko nobedadeetako bat, |en zutabea da. Urtarrilekoa Eneko Oiartzabalek idatzi du, euskaraldiaren ondorengoez.

Euskaraldia igaro da eta ez oharkabean. Hondarribian 2.000 pertsona inguruk hartu zuten parte, 220.000 lagunek Euskal Herri osoan. Sekulakoa, dudarik gabe! Hala ere, egongo da horrekin konformatzen ez denik: Euskal Herrian 3.000.000 biztanle izanda —eta Hondarribian 16.000—, kopuruak handiagoa beharko zukeela, edo parte hartu duten askorentzat ‘kosmetika’ hutsa izan dela, hau da, txapa bularrean jarri bai, baina ez dituztela euren hizkuntza ohiturak deus aldatu, eta batzuetan ezta ahaleginik egin ere… Eta baliteke hori diotenek arrazoi punttu bat izatea.

Neuk ere nahiago nukeen jende gehiago animatu izan balitz, eta zer esanik ez, txapa zeramaten guztiek, gehiago edo gutxiago, ekimen honek eskatzen zuen ohitura aldaketa —lehen baino euskara gehiago egitea, alegia— egin izan balute. Baina, tira, izan gaitezen errealistak: nork ikusi du inoiz hainbeste jende mugiarazi duen ekimenik? Eta non ez da gertatzen batzuek itxurak egiteko baino ez ematea izena? Edo asmo onez izena eman, baina egiaren orduan, betiko inertziak aldatzea gehiegizko ahalegina iruditu eta, azkenean, amore ematea? Are gehiago kontuan izanda ez zela une jakin bateko gauza, baizik eta 11 egunekoa 24 orduz, eta euskara bezalako gai batean gainera! Amets Arzallusek ETBko elkarrizketa batean zioen bezala, “orain denak daude euskararen alde, baita bere heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak ere”. Beraz, nik uste hori guztia aurreikus zitekeela.

Oraindik ez dugu daturik eragina zenbatekoa izan den jakiteko, aldaketa eragin duen ikusteko. Demagun: parte hartu dutenen erdiek, itxurakeriagatik edo alferkeriagatik, ez dituztela euren hizkuntza ohiturak aldatu? Oraindik ere euskaldun asko eta asko erdaraz aritzen direla euskaraz baino gehiago? Tira, argi zegoen Euskaraldia ez zela panazea izango; nik behintzat, ez nuen miraririk espero. Baina parte hartu dutenen erdiak, hau da, 100.000 bat lagunek lehen baino euskara gehiago —pixka bat edo askoz gehiago, baina gehiago— egitea lortu bada, ez da gauza makala. Eta hainbeste lagun euren egunerokoan ohitura batzuk aldatzeko gai izan badira, esan nahi du urrats berriak emateko jendea eta borondatea ere ez direla faltako.

Eta, hain zuzen ere, horixe bera proposatzera natorkizu oraingoan, irakurle: urrats berriak. Euskaraldiaren helburua zen gure eguneroko solasaldietan hizkuntza ohiturak aldatzen hastea, baina gaur egungo bizimoduan, jendearekinblagan aritzeaz gain, denbora asko igarotzen dugu hizkuntza beste modu batez erabiltzen: dela irakurtzen, dela bideoak edota telebista ikusten, dela interneten nabigatzen… Eta hizkuntza batek etorkizuna izatea nahi badugu, ekosistema osoa zaindu behar dugu. Hori dela eta, hasiberri den urte honetarako erronka txiki batzuk proposatu nahi dizkizut. Urrats oso eginerrazak: Euskaraldian hizkuntza ohiturak aldatzea lortu duzun horietako bat zarela? Orduan hau ez da ezer izango zuretzat; ohitura aldatzea lortu ez duzun horietako bat zarela? Lasai, proposatzen dizudana askoz errazagoa egingo zaizu eta, ikusiko duzu. Hona hemen datozen hilabeteetarako erronkatxoen proposamena:

Otsailean: Negu giroa probestuz 2019 urtean irakurtzeko euskarazko liburu bat har ezazu. Bai, liburu bat eta bakarra, eta urte osoa izango duzu irakurtzeko; erraza, ezta? Hori bai, ez aukeratu ikusten duzun lehen liburua, euskaraz delako soilik. Urtero 2.000 liburu inguru argitaratzen dira euskaraz; beraz, baduzu non aukeratu eta ziur zure gustuekin bat datorren libururen bat aurkituko duzula.

Martxoan: Liburuarekin egin bezala, ezagut ezazu euskal musika talde edo abeslari bat. Talde asko eta estilo askotarikoak daude gaur egun, eta nondik hasi ez badakizu, Badok.eus webgunea oso tresna erabilgarria da musika talde berriak ezagutzeko. Ah, eta MusikaZuzenean.com web orrian kontzertuen agenda ederra aurkitu ahal izango duzu!

Apirilean: Anima zaitez noizean behin euskarazko prentsa irakurtzera. Zuk ikusi nola: egunkaria egunero erosten duen horietakoa bazara, Berria eros zenezake larunbat edo igandeetan (asteburuetako aleak interesgarriagoak izaten baitira); edo albisteak internetez irakurtzen dituenetakoa bazara, hainbat egunkariren web orrietan sartzen zaren bezala, euskarazkoetan ere sar zintezke tarteka (BerriaArgiaSustatuZuzeuHitza… aukera zabala duzu sarean). Gainera, horietako batzuek mugikorrerako aplikazioak dituzte, erosoago sar zaitezen.

Maiatzean: Joan zaitez euskarazko antzerki, film, solasaldi edota hitzaldi bat ikustera/entzutera (zuk nahiago duzuna). Ziur badagoela zure interesekoa izan daitekeen zerbait 2019 urte osoan zehar.

Ekainean: Jar itzazu zure euskarri digitalak (ordenagailua, tableta,  mugikorra…) eta euren aplikazioak euskaraz. Momentutxo bat baino ez da, eta pentsa litekeena baino garrantzitsuagoa. Hona zerrenda amaigabe bat:WindowsLinuxWord OfficeLibre OfficeFirefoxChromeExplorer (orain Edge ere deitua), GmailHotmail (orain Outlook ere deitua), GoogleWikipediaYoutubeFacebookTwitterLaboral KutxaKutxabank

Ez dira erronka batere zailak, ezta? Tira, ez dira erronkak ere, erronkatxoak, asko jota.

Eta esango duzu: ‘Eta gainerako hilabeteetan zer?’. Bada, ziur ez dituzula erronkatxo guztiak bete, ia beti egiten baitugu huts batean edo bestean. Bada, orain urte erdia baino gehiago izango duzu horiek betetzen hasteko. Eta guztiak bete badituzu? Bada, zorionak! Orain urte erdia izango duzu euskarazko beste liburu bat irakurtzeko; beste antzerki, film, kontzertu, hitzaldi edo dena delakora joateko; zure intereseko (euskarazko) webgune berriak ezagutzeko; lagun edota senide batzuekin euskaraz egiten hasteko…

Gauza da, azkarrago edo mantsoago, baina jarrai dezala euskararen gurpilak biraka. Eta lortuko bagenu, Euskaraldian bezala, 100.000 euskaldunek eta 1.000 hondarribiarrek 2019an urrats txiki horiek ematea, zalantzarik ez izan, aldea nabarituko litzateke. Hortaz, animo eta bizi euskaraz pozik eta alai!

Eneko Oiartzabal Gerriko, Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteko kidea.

2019/01/30