Datorren asterako ekitaldi berezi bezain polita antolatu dugu. Ane Garciak eta Eider Perezek ‘Hitz esana’ ikuskizuna ekarriko dute Hondarribira. Poesia, musika, gorputz adierazpena, performancea…
Kategoria: Kultur ekintzak
Liburu aurkezpena: Azken etxea
2023ko kultur ekintzekin hasiak gera dagoeneko. Datorren ostegunean, Hondarribiko Kultur Etxean, Arantxa Urretabizkaiak “Azken etxea” liburua aurkeztuko digu. Animatu eta etorri!
2022ko Gau Beltza mikroipuin lehiaketako lanak
GAU BELTZA MIKROIPUIN LEHIAKETAREN lehen edizioaren irabazleak aurkeztu genituen. Sariak banatu eta mikroipuin horiek entzuteko aukera izan genuen ere! Saridunez gain hainbat lan interesgarri jaso genituen eta hemen lan guzti horiek irakurtzeko aukera eman nahi dizuegu. Disfrutatu irakurketaz!
Mikroipuinak irakurgai hemen:
GAU BELTZA MIKROIPUIN LEHIAKETA
Blagan euskara elkarteak mikroipuin lehiaketa antolatu du Gau Beltzaren inguruan.
Hauek dira lehiaketaren oinarriak:
Parte hartzaileak
Bi kategoria egongo dira.
- Gazteak, 18 urtetik beherakoentzat.
- Helduak, 18 urtetik gorakoentzat.
Gaia
Mikroipuinaren gaia IZUA izango da.
Baldintzak
- Euskaraz idatzia egongo da
- Ipuina originala izango da eta aldez aurretik argitaratu edo saritu gabea.
- Gehienez ere 100 hitz izango ditu.
- Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere 2 lan aurkeztu ahal izango ditu.
LANAK ENTREGATZEKO MODUA
- Ipuinak e-mailez bidali beharko dira helbide honetara: euskarazblagan@gmail.com
- Mezu bakoitzak bi artxibo izango ditu:
- Ipuina biltzen duen artxiboa, pdf formatuan. Artxiboari lanaren izenburua jarriko zaio, adibidez: izua.pdf
- Lanaren izenburua eta egilearen datuak biltzen dituen artxiboa (izen-abizenak, jaiotze data, helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa).
- Mezu elektronikoaren gaian hau jarri beharko da: “Blagan: Gau beltza mikroipuin lehiaketa 2022”
- Epea: 2022aren irailaren 28tik eta urriaren 14 arte.
- Epaimahaikideek artxibo bakarra jasoko dute, ipuinei dagokiena, anonimotasuna bermatzeko.
Epaimahaia eta erabakia
- Epaimahaia hiru pertsonek osatuko dute. Bi blagankidek eta pertsona independente batek.
- Kategoria bakoitzeko bi ipuin sarituko dira eta erabakia apelaezina izango da.
- Erabakia posta elektronikoz nahiz telefonoz jakinaraziko zaio irabazleari eta Blagan elkartearen sare sozialetan zabalduko da. Tokiko hedabideetan ere zabalduko da.
- Hala erabakiz gero, epaimahaiak saria eman gabe utzi dezake.
- Sari banaketa urriaren 31 arratsaldean izango da, aurrerago zehaztuko da non.
- Irabazleek sari banaketara bertaratu beharko dira. Ezinezkoa izatekotan, ordezkariren bat bidali beharko dute.
Autoretza:
- Autoreak egiazko izen-abizenak aurkeztu behar ditu, goitizenik gabe.
Jabego eskubideak
- Sariaren irabazleak ipuinaren eskubide guztiak Blagan euskara elkarteari lagako dizkio.
- Lan sarituaren jabego eta erabilpena soil-soilik Blagan euskara elkartearenak izango dira.
- Blagan euskara elkarteak testu irabazlea argitaratzeko, sare sozialetan edo beste espazio publikoetan erabiltzeko eskubidea izango du, beti ere egilearen izena adieraziz.
- Blagan euskara elkarteak ez ditu saritutako lanak erabiliko dirua irabazteko helburuarekin.
Sariak
GAZTEAK (18 urtetik beherakoentzat).
- Lehen saria: 150€
- Bigarren saria: Lau pertsonarentzako gosaria GARUA kafetegian
HELDUAK (18 urtetik gorakoentzat)
- Lehen saria: 350€
- Bigarren saria: Bi pertsonarentzako gosaria GAXEN kafetegian
Parte hartzaile guztien artean zozketak egongo dira.
Oinarrien onarpena
- Lehiaketan parte hartzen duenak oinarriok onartzen ditu, baita epaimahaiaren erabakia ere. Oinarri hauetan aipatzen ez den zerbaitek arazoren bat sortuko balu, erabakia epaimahaiaren esku egongo da eta parte hartzaileei jakinaraziko zaie.
- Parte hartzaileak ziurtatuko du aurkeztutako lanak ez dituela beste inoren egile eskubideak urratzen eta bere sormen pertsonalaren emaitza dela.
Harremanak
Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, jarri harremanetan Blagan euskara elkartearekin: euskarazblagan@gmail.com
Animatu zaitez!
Eskerrak eman nahi dizkiegu lehiaketako esponsor eta laguntzailei:
Lehiaketaren kartela:
BI ARNAS dokumentala
Proposamen berri bat dugu urrirako: ‘Bi arnas” dokumentala. Filma aurkezteko Kima Arzuaga ekoizlea gonbidatu dugu.
Eguna: 2022ko urriak 7. Ordua: 19:30. Tokia: Hondarribiko Kultur Etxean
Japoniar ipuinak euskaraz Hondarribian!
“Butterfly effect (Gizateriaren hegaldia)” antzerkia, azaroak 28an.
Astebururako antolatutako ekitaldi gehienak atzeratu egingo dira, eguraldi iragarpenak eta herrian Kobid-19aren egoera dela eta. Baina, kontutan izan igande arratsaldeko ekitaldia bere horretan mantenduko dugula: “Butterfly effect (Gizateriaren hegaldia)”, 18:00retan Kultur Etxean Alde zaharrean, sarrerak dohainik izango direlarik.
Beste ekintzen data berriak izan orduko jakinaraziko dizkizuegu. Ongi izan eta barka eragozpenak!
“June Jordan” liburuaren aurkezpena
Ostegunean, irailak 30, arratsaldeko zazpi t’erdietan, Hondarribiko kultur etxean “June Jordan”-en poema hautatuen liburuaren aurkezpena izango dugu Ane Garcia Lopez-en eskutik.
Kultur ekintzen kronikak: “Ez dago Euskadi saririk komikiarentzat! (helduen kategorian) “
20 bat lagun bildu ginen, giro ederrean, pasa den otsailaren 12an kultur etxean Yurre Ugartek (gidoia) eta Joseba Larratxek (marrazkiak) elkarlanean sortutako “Joana Maiz” komiki gomendagarriaren aurkezpenean. Aurkezle lanetan, bikain, Kote Guevara liburuzain eta Blagankidea.
Galdera zuzena jaurti die Kotek aurkezpenak egin eta berehala: “Bizi al daiteke honetatik gaur egun?” Josebaren erantzuna baiezkoa izan da, baina beti ere sakrifizioak egiteko prest baldin bazaude: baldintza eskaseko lan asko onartu behar da gustukoagoak diren proiektuei heltzeko, eta argi izanda bat ez dela inoiz honekin aberastuko. Yurreren kasuan antzekoa da egoera, idaztetik bizi da bera, aldaera ia guztietan: literatura, gidoiak, … derrigorrez polifazetikoa izatera eramaten zaituen ofizioa da hau. Igor Elortzak esango lukeen moduan, wordker petoa da Ugarte.
Solasaldiak jarraitu du euskal komikigintzak bizi duen une emankorra aipatuz. Azken bi urteak izan dira, produkzio aldetik, oparoenak euskal komikiaren historian; urtean 5-10 ale argitaratzetik 20-40ra pasa gara azken urteetan (datuak aztertu nahi badituzu, komikipedia webgunean daukazu euskal produkzio osoa jasota). Arrazoien inguruan galdetuta, generoak azken aldian izan duen prestigioaren gorakada azpimarratu da. Komikia beti izan da genero popularra, sarri haurrekin lotua edo zirkuitu undergroundekin. Prestigio irabazte hau izan da, Larretxeren ustez, eleberri grafiko formatuari esker neurri handi batean.
Bide horretan, baina, dena ez dago eginda, jakina. Eta Yurrek bota zuen erronka: “Euskadi sarietan, adibidez, ez da kategoria gisa hartzen komikia. Saritzekotan, gidoiak saritzen dira, eta, orain arte, behintzat, beti haur eta gazte literaturaren kategorian. Ausartuko al dira inoiz helduen kategorian komiki bat saritzen? Edo komikientzat berariazko kategoria sortzen? “.
Eleberri grafiko bat izan da, hain zuzen ere, gaurko aurkezpenaren aitzakia. Joana Maiz izeneko pertsonaian oinarritutakoa. Zinema munduan kastinak egiten dituen profesionala da Joana, bizitza ondo muntatuta duela esan dezakegu, baina dokumental propioa egiteko proiektua berak zuzentzeko erabakia hartzen duenean, bizitza konplikatzen hasten zaio …
Solasaldian zehar, eleberriaren sortzen prozesuan zentratu dira egileak batez ere: pertsonaiak aletu dituzte (lehen mailakoak eta bigarren mailakoak), tramak, lokalizazioak (Irun eta Bilbo)… beti ere komikiaren barrenak gehiegi ez azaleratzeko asmoarekin, inoren irakurraldia ez zapuzteko.
Harriet editorialarekin argitaratu dute, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, eta, oraingoz behintzat, euskarazko bertsioa gehiago ari da mugitzen, nabarmen. Horren arrazoiak izan daitezke zirkuitu ezagunagoa dela bi egileentzat eta aurrez aurreko lan handiagoa egin dezaketela euskarazko bertsioa aurkeztuz babesteko. Arrakasta handiz beti ere, horren erakusle da bigarren edizioa prestatzen ari direla euskarazko bertsioarentzat, eta prestatzen ari direla frantsesezko eta portugeseko bertsioak ere, eta ingelesezkoa ere bidean omen dago.
Eta zu, zeren zain zaude irakurtzeko? nork daki, komiki kategoriako lehen Euskadi saria izango da akaso…
Blagan taldeko Egunean Behin lehiaketako otsaileko irabazleek jaso dute bere alea (edo jasoko dute kalera irtetzen uzten digutenean…).
Kronikaren egilea: Mikeldi Zeberio, Blagankidea
Kultur ekintzen kronikak: “Zizelkariak Hondarribian”
Blaganek hilero antolatzen dituen kultur jarduerak bertan behera utzi behar izan ditugu, baina tarte honetan, jadanik pasatu diren ekintzen inguruko hausnarketak ekarriko ditugu gogora. Hemen urtarrilean izandako “Zizelkariak” jardueraren inguruko kronika, disfrutatu.
—————————–
Zizelkariak Hondarribian (*)
Sustrai Colinak 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bukaerako agurra honela amaitu zuen:
Euskal Herria gelditu
ez dadin euskal erdian
bila ditzagun arnas ta
ardatzak periferian.
Aldiriko arnas bizigarri horren lagin polita eskaini digu Topatu.eus gazte proiektu komunikatiboak Zizelkariak izeneko dokumentalarekin. Euskal Herriko periferia erdigunera ekartzea helburua duen filmak gure geografiaren ertzetan hainbat mugimenduetan lanean ari diren sei gazteri ahotsa ematen die.
Urtarrilean Zizelkariak dokumentala ikusteko aukera izan genuen Hondarribiko Gatzetxean. Blaganek antolatutako urteko Kultur Programazioaren barruan, Ainara Conde eta Maddi Ane Txoperena lesakarrek azaldu ziguten ikusentzunezko horren ekoizpen prozesua.
Dokumentalak adierazten digu lur egurtua dela gurea eta sei gazte euskaldun hauek, ertzetako lur egurtuan jaio eta hazitakoak, arrotz sentitu izan direla kontatzen digute. Tuterako mugimendu feministako kidea den Edurne Sanchezek euskaraz hitz egiteaz lotsatzen zela aipatzen du. Euskaraz hitz egiteagatik oso markatua sentitu izan dela eta euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntza horretatik bizitu zuen feminismoaren beharra. Martta Irigoien gazteak dantza eta antzezpenarekin gorpuzten du euskara Amikuzen. Gazteek modu kolektiboan euskara Baxenafarroako paisaian gorpuzten dute Libertimenduaren bidez eta Irigoienen ustez, oso garrantzitsua da gorputza plazara eramatea euskaraz sortu den zerbaiten bidez. Irunberriko gazte musikaria den Ibai Osinagak ere euskaraz abestea hautu politiko gisa hartzen du.
Antzera mintzo dira Maika Alfaro, Jon Maruri eta Arkaitz López: despopulatzeaz, prekarietateaz, etxe hutsen arazoaz, langabeziaz, turismoaren arriskuez… Alduden, Ezkerraldean, Arabar Errioxan, Amikuzen, Irunberrin edo Erriberan bizi duten errealitate soziopolitikoa aldatu nahi duten euskal hiztun gazteak dira. Sei ertz, sei ahots, sei borroka. Lur egurtuan jaio eta zizelkari bihurtu diren sei gazte.
Lur eta hizkuntza egurtua da gurea, eta Hondarribiko Gaztetxera bertaratu ginenon artean solasaldia interesgarria sortu zen. Filmean agertzen diren Tutera, Amikuze edo Ezkerraldeko gazteak “euskararen periferia geografikoan” erraz kokatzen ditugu. Baita Maule, Gasteiz edo Balmasedakoak ere. Azpeitia, Tolosa edo Oiartzun, ordea, erdigunean kokatuko genituzke. Baina, non ipiniko genuke Hondarribia? Euskararen erdigunea al da txol herri eder garbi hau? Non kokatuko zenuke Hondarribian euskaraz aritu nahi dutenak? Gizartearen erdigunean ala periferian? Zer gara euskal hiztunak Hondarribian erdigune ala ertz?
Ez dut uste garrantzi handiegirik duenik galdera horien erantzun zehatza zein den jakitea. Susmoa dut euskaraz aritu nahi dugun guztiok nahiko periferikoak garela, horregatik erdigunea eta ertza non kokatzen dugun baino, euskaraz lasai, lotsarik gabe eta lotsagabe egiten duten hiztunak behar ditugu: Alduden, Orion, Irunberrin eta Markinan. Hondarribian ere denon ekarpena ezinbestekoa da: kaletar, zahar, etorriberri, haur, gazte, kanpotar, baserritar, bañista ala gazte.
Zizelkariak dokumentalean euskaraz hitz egiten duten gazteak agertzen dira; Tutera, Arberatz, Mamariaga, Aldude, Irunberri eta Moretan euskaraz mintzo direnak. Askotan, kexu aritzen gara gazteen hizkuntza (eta bestelako) praktiken inguruan. Belaunaldien arteko kritikak ohikoak izaten dira, baina, ertz izendatzen ditugun herri horietan bezala, Hondarribian ere baditugu zizelkariak diren gazteak: Psilocyben musika sortzen, Billabak abesbatzan kantuan, mugimendu feministan berdintasunaren alde lanean, Gaztetxean ekimen ezberdinak antolatzen, eta beste hainbat eta hainbat ekimen sustatzen, herrian eta herritik kanpo.
Geroa zizel, giroa pizten abesten du Olatz Salvadorrek Zizelkariak dokumentalerako egindako abestian. Hondarribian ere jarrai dezagun euskarazko giroa pizten, oraingo eta geroko zizelkari euskaldunak erdigune izan daitezen.
Post Scriptum: Zoritxarrez, Blaganek ezin izango ditu gazteekin batera jarduera gehiago antolatu Hondarribiko Gaztetxean. Martxoaren 5ean gaztetxea itxi baizuten, zizela ordez borra erabiliz; borra hitzak dituen lehen hiru esanahiak erabiliz: https://t.co/EU0lXOdihL?amp=1
(*) Testu hau Jakin aldizkariaren 236. alerako idatzitako artikuluan oinarrituta dago. Artikulu osoa hemen irakur daiteke: https://www.jakin.eus/blog/soziolinguistika/jaime-altuna-ramirez/erdigune-eta-ertzetako-zizelkariak/352
Kronikaren egilea: Jaime Altuna, Blagankidea