Bai, ondo irakurri duzu: umeak erdalduntzeko gida. Seguruenik arraroa egingo zaizula titular hori irakurtzea, eta are gehiago Hondarribia aldizkarian, Blagan Euskara Elkartearen atalean! “Ez al luke alderantziz izan behar? Umeak euskalduntzeko gida?” pentsatuko duzu. Baina guraso bazara segituan ulertuko duzu. Gauza da eskolan hainbeste euskara eta D eredu, eta etxean ere txikiei beti euskaraz, agian batzuk arduratuta ibiliko zarete -zer esanik ez gurasoak- gure gaztetxoenen etorkizunarekin: gaztelaniaz ongi moldatuko al dira? Ikasiko al dute? Ez al dira “euskaldunegiak” izango?
Ba, lasai. Ondorengo gomendio hauek jarraitzen badituzu, ikusiko duzu zure seme-alabek zein ondo ikasiko duten erdaraz. Gainera, egiteko oso erosoak dira eta ez duzu orain arte egiten zenuen ezer aldatu beharko, hau da, ez dituzu D eredutik atera beharko, ezta haiei euskaraz egiteari utzi beharko ere. Segi aholkuak eta ikusiko duzu zein erraz!
- Gurasoen artean erdaraz egin ezazue, ez du huts egiten. Nahiz eta haurrei euskaraz egin, zuen artean gaztelaniaz egiten baduzue, ikusiko duzue zein azkar konturatuko diren “handien gauzak” -gauza “garrantzitsuak”- erdaraz egiten direla.
- Lagunekin elkartzen zaretenean, edo telefonoz egiten duzuenean ere, egin ezazue erdaraz. Gero zuek eta zuen lagunek umeei euskaraz egiten diezuela? Egon lasai; helduek egiten dutenari arreta eta balio handiagoa emateko joera naturala dute-eta. Koxkortzen hasi ahala, hortxe hasiko dira laguntxoen artean, gurasoak euren lagunekin bezala, hitz eta pitz gaztelania “jatorrean”.
- Jolas-parkean ere, beste gurasoekin topo egiten duzunean, ez lotsatu, erdaraz egin. Horrela, ikusiko dute ez dela beren gurasoen -eta hauen lagunen- kontu bitxi bat bakarrik gaztelaniaz egite hori, gauzarik normalena baizik, guztiek egiten dutena.
- Herriko dendetara, tabernetara edota edonolako establezimendutara zoazenean, lehen hitza egin ezazu beti erdaraz, badaezpada. Seme-alabei argi geldituko zaie -aurreko guztiarekin gelditu ez bazaie; baina seguruenik gehienei bai- zein den benetan balio duen hizkuntza, zein den edonon eta edozertarako erabiltzekoa.
- Eta azkenik, jakin dezatela euskara kaxkarra dela euskararik “jatorrena”: hobe dela esatea “Eske Izaro nahi du yogur de fresa!” edo “Ekiren aitak ekarri dit etxera”, eta ez “Izarok marrubizko jogurta nahi du eta!” edo “Ekiren aitak ekarri nau etxera”. Horiek pedanteen gauzak dira eta, ikusiko duzu, umeei ez zaie pedanteak izatea batere gustatzen.
Ba honekin amaituta, eta lehen esandakoa: gomendio oso eginerrazak dira -ziur guraso gehientsuenek horietako batzuk praktikan jartzen dituztela dagoeneko- eta, gainera, oso eraginkorrak, ez da beharrezkoa guztiak egitea emaitza ona eman dezan.
Nire hitza ematen dizut: aholku hauek praktikan jarriz gero, zure seme-alabek gaztelaniaz ondo ikasiko dute. Are gehiago, ondo ikasi bakarrik ez, erdaraz bizitzen ere ederki eta eroso ikasiko dute -agian euskaraz baino hobeto-. Horrela, ez zara gehiago arduratu beharko, ez dute “el moto”, “he cogido daño”, “no me toques los cuernos” edota halakoak botako, eta ez du inork haietaz barre egingo. Beno, baliteke horien ordez “mina egin naiz” edo “ez ilea hartu” bezalakoak esatea, badakizu, gauza guztiek dituzte -txikiak izanda ere- albo-ondorioak; baina, tira, horiek ez dira hainbesterako… edo bai?
Eneko Oiartzabal Gerriko, Blaganeko kidea
Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2017ko otsailako alea.