Azken boladan, euskaraz irakurtzeari edo, zehatzago izanik, ez irakurtzeari buruz jende askorekin hitz egitea suertatu zait. Askok esan dit, euskaraz esan ere, beste hizkuntzetan baietz, baina euskaraz ez duela irakurtzen: sekula ezetz…, edo institutu garaikoak izan zirela euskaraz irakurritako azken liburuak…, eta antzeko erantzunak.
Batzuen ustean euskaraz ez dago aukerarik, ez dago merezi duen irakurgairik. Tira, gaztelaniaz dagoen itsaso zabalarekin alderatuta, argi dago aintzira txikia dela euskarazko produkzioa. Baina logika berari jarraituz, gaztelaniazkoa ere txikia da ingelesezko ozeano zabalaren aldean, eta arrazoi horrek ez du ezagutzen dudan inor eraman gaztelaniaz batere ez irakurtzera. Euskarazko ekoizpenaren aintzirak bertan arraunean aritzeko aukera ematen du, edota txalupan etzan eta eguzkia hartzekoa; igerian aritzekoa, edota urpean murgiltzekoa, neoprenoz, bainujantzitan edo biluzik… Norberari aukerak nahieran.
Ez naiz sorkuntza propioaz bakarrik ari, itzulpengintza ere hor dago. Jatorrizko testuari leial izateko, itzultzailea behartuta dago hizkuntzaren mugak gainditzera, asmatzera eta fintzera. Itzulpen handiak egin ahal izateko hizkuntzak ibilbide bat egin behar du eta profesional onak sortu. Bietan egin da aurrerapen handia, eta gaur egun jatorrizkoa ez den hizkuntzan irakurtzeko hautua egiten dugunean, euskarazko itzulpenak ez du beste hizkuntzetan eginikoen inbidiarik. Nago jende asko oraindik ez dela bilakaera horren jakitun, eta zenbait hamarkada atzerago genuen egoera kaskarragoaren ‒hasierak izaki‒ ideian ainguratuta geratu dela.
Esaten ari nintzen, bada, “euskarak ez dit nahikoa eskaintzen” moduko sinesmen ‒orokorrean oker‒ bat dagoela askotan euskaraz ez irakurtzearen oinarrian. Arrazoi dute, bai, hizkuntza handietan ‒alegia, tamainaz handiago direnetan‒ gehiago dagoela. Baina euskaraz urtean 2.000 liburutik gora argitaratzen badira ‒erdiak baino gehiago nobedadeak, besteak berrargitalpenak‒, eta kopuru horri orain arte argitaratua gehitzen badiogu, aintzira horretan hamabostean edo hilean behin gure interes eta gustuko argitalpen bat aurkitzeko arazo handirik ez dugu izango. Bilatu egin behar, dagoenaren eta sortzen denaren berri izan behar… Hortxe dago koska.
Euskal ekoizpenaz horrelako aurreiritzirik ez duenak ere jakiten du, ordea, aitzakia beste nonbait bilatzen: akatsa norberagana zuzenduz, hain zuzen. “Ni ez naiz inor zu nire etxean sartzeko” moduko sinesmen batean oinarriturik, ez dugu geure burua euskaraz irakurtzeko gai ikusten. Kasu batzuetan, gutxi erabili eta euskara atrofiatu samarra geratu zaigulako; beste batzuetan, euskaraz alfabetatu gabeak garelako, etxeko hizkuntza dugulako eta “uan fango nan”-etik “orain joango naun”-erako jauzia egitea zailegia zaigulako; bestetzuetan, sekula menperatu ez dugun hizkuntza delako; edo arrotz zaizkigun hitzak agertzean alfertu eta berehala lerratzen garelako giroan presenteago dagoen hizkuntzara. Tiradera kajoia dela, errezela, kortina eta korridorea edo trantsitua, pasilloa izendatzeko erabiltzen direla jakitea lagungarria da. Izan ere, hitz berri bat agertzen zaigun hirugarren eleberrian normal-normala irudituko zaigu, eta erabiltzen ere hasiko gara, akaso. Geure buruari euskaraz irakurtzeko aukerarik ematen ez badiogu, hasi aurretik amore ematen badugu, sorgin gurpil gaiztotik ez baikara sekula aterako; saiatzeak, aldiz, ahalegintzeak, ikasbidearen zirkuluan sartuko gaitu. Euskaraldiarekin bete-betean ari garen honetan, liburuetan beti ditugu eskura sekula agortzen eta aspertzen ez diren aho bizi-biziak. Beti-beti prest guretzat ahobizi izateko. Izan ere, denok bihurtzen gara belarriprest testu bikain baten aurrean.
Animatu nahi nuke jendea irakurketa taldeetan parte hartzera (Hondarribian bi bederen antolatzen dira, Udal Liburutegiak bata eta Talaia Institutuak bestea), eta liburutegiak erabiltzera, eta liburuzain eta saltzaileei aholkua eskatzera, eta literaturaren inguruko berriak jarraitzera… Eta, hara!, betaurrekoak graduatu beharrean dagoenarentzat edota irakurtzen jartzeko patxadarik hartzen ez duenarentzat, literatura entzuteko aukera ere badugu, Xerezaderen Artxiboan, adibidez, mugikorretik bertatik hainbat eta hainbat ipuin, olerki eta gogoeta euskaraz entzungai.
Baina proaktibo izateko hainbat bideren zerrenda egiten saiatzen ari naizelarik ere, ez zait burutik desagertzen Garbiñe Ubedak elkarrizketa batean aipatzen zuen hura: “Euskarazko liburu bat hartzea ekintza ikaragarri politiko bat da, ez baitago ez erraztasunik, ez ezer”. Eta segur aski, kontzientzia politiko hori jabetzen zaigun arte, hitzak eta baita asmo on guztiak ere hurrengo haize boladak ahantzi urrutira eramanen ditu.
Maite Darceles
Hondarribia aldizkarian 2018ko azaroan argitaratua