2018an sartu berri gara eta une aproposa iruditu zait Blaganen ibilbideari errepasotxoa emateko. Bi urte dira Blagan Euskara Elkartea sortu zela; beraz, oraindik ibilbide laburra da gurea, baina uste dut hasia dela poliki-poliki bere fruituak ematen.
Kontzientzia hartu
Elkartearen lehen eginkizunetako bat kontzientziazioa da: Hondarribian, euskaldunok gehiengoa izanda ere, euskaraz bizitzeko oraindik asko falta den kontzientzia; izatez herri euskalduna garen arren, batez ere erdaraz bizi den herria garen kontzientzia.
Eta horretarako lehen pausoa, elkartearen beraren sorrera izan zen, Hondarribian euskararen etorkizunarekin arduratuta zegoen jendea biltzeko eta elkar ezagutzeko balio izan baitzuen. Hasiera horietan 35 bat lagun elkartu ziren, eta herrian kontzientzia hori zabaltzeko lanean hasi.
Horrela egin dira ordutik hainbat ekimen: Blagan elkartearen aurkezpen-ekitaldia bera 2016ko ekainean, 2017an ospatutako Blagan eguna eta Euskara Nazioarteko Egunean (abenduaren 3an) aurkeztutako mosaiko erraldoia, baita Hondarribia aldizkarian hilero betetzen dugun atal hau berau ere.
Ez nuke jakingo esaten ekimen horiekin bi urte eskas hauetan lortutakoa asko ala gutxi den, baina, nire uste apalean, begibistakoa da zerbait lortu lortu dugula. Datuak ikustea baino ez dago: aurkezpen-ekitaldian bertan Itsas-etxea bera ia osorik bete genuen, 300 bat lagun bilduz (eta kamiseta pila salduz ere!); Blagan egunean ere, nahiz eta eguraldia etsai izan genuen, aurreikuspen guztiak gainditu ziren “Itxeki euskarari” lelopean egindako manifestazioan, bazkari herrikoian eta ondorengo jai giroan bildutako jendearekin; eta zer esanik ez mosaiko erraldoiarekin, non, euskararen aldeko atxikimendua adierazteko herritarren 500 argazki lortzeko erronka jarri bagenuen ere, 700 baino gehiago lortu genituen.
Gainera, herritarren parte hartzea lortzeaz gain, Udalean ere zerbait mugitzea lortu dugula esango nuke. Eta horren erakusgarri dira, besteak beste: gure herriko errealitatea zein den ezagutzeko, Soziolinguistika Klusterrak Udalaren eskariz euskararen erabilerari buruzko ikerketa bat egin izana (zeina Blagan elkartearen lehen eskaeretako bat izan zen); edota mosaiko erraldoiaren kanpainarekin Hondarribiko udalak bat egin, eta abenduko ekitaldia egiten lagundu izana.
Hori guztia dela eta, uste dut Blaganek lortu duela bi urte hauetan herritarren artean, baita Udalean ere, euskararen gaia mahai gainean jartzea: Blaganek bere lekutxoa egin du (eta egiten ari da) herrian, jendea mugitzeko gaitasuna erakutsi du behin baino gehiagotan, bazkide kopurua bera ere ia hirukoiztu egin du bi urte hauetan, Udalak hainbat ekimenetan parte hartzea eragin du…
Jakina, egindakoa baina askoz gehiago da egiteko dagoena, eta baliteke bi urte hauetan gehiago lor zitekeela ere. Baina, behintzat, urak mugitzea lortu dugu eta horixe da gauzak aldatzen hasteko lehenbiziko eta ezinbesteko pausoa: ohartzea Hondarribiaren etorkizuna euskaraz izatea nahi badugu, ez dela berez etorriko eta horretarako guztiok, bakoitzak beretik eta ahal duenetik, lan egin beharko dugula.
Esparruak irabazi
Kontzientziak astintzeaz gain, elkartearen beste eginkizunetako bat da euskaraz bizi nahi dugunontzat esparruak irabaztea, euskaraz normaltasunez bizi gaitezkeen une eta tokiak gero eta ugariagoak izatea, alegia. Eta horri ere ekin genion: mendi irteerak, bakarrizketa saioak, liburu aurkezpenak…
Hala ere, argi dago guk eskaintzen duguna ez dela asko, baina egia ere bada gehiena ez dagoela gure esku. Gure herriko aisialdia euskaraz izatea hondarribiar guztien kontua da: kiroldegia, kirol eta kultur elkarteak, dendak, tabernak, Udala… Eta gure eginkizuna akuilatzea da, guztiok norabide berean joan gaitezen eta hondarribiarrok denbora librea euskaraz gozatzeko aukera zabalagoa izan dezagun bultzatzea, baita horretan besteen bidelagun izatea ere.
Horretarako, gainerako eragileekin (elkarte, Udal eta, oro har, herritarrekin) elkarlana ezinbestekoa da, eta dagoeneko izan dira halakoak. Espero dut datozen urteetan horren fruituak era agerikoagoan sumatzen hastea.
Aurrera begirako erronkak
Azkenik, nik esango nuke aurrera begira ditugun erronkak, orain arteko bideari jarraituz, honakoak direla: herritarron kontzientziazioan sakontzea eta aktibazioan eragitea, eta euskararentzat (azken batean, euskaraz bizi nahi dugunontzat) esparru gehiago eta esanguratsuagoak irabaztea. Eta uste dut 2018a urte garrantzitsua izan daitekeela bi arlo horietan aurrerapauso garrantzitsuak egiteko. Izan ere, aurten anbizio handiko ekimenak jarriko dira martxan gure herrian, baina berauek, Udalaren gidaritzapean aurrera eramango badira ere (eta datu hau garrantzitsua bada ere), arrakastatsuak izatekotan, herritar guztion inplikazioa eta parte hartzea eskatuko dute.
Bata, Euskaraldia. Euskal Herri osoan egingo den ekimena da, urtearen bukaera aldean egingo dena (abenduaren 3an amaituko da) eta honako hau duena helburu: ahalik eta jende gehien 11 egunez euskara hutsez bizitzea Euskal Herri osoan. Esan bezala, Hondarribian ere helduko zaio erronkari eta, Udalaz eta Blaganez gain, herritar eta eragile guztien inplikazioa exijituko duenez, euskararen aldeko kontzientziazioan eta euskaldunon aktibazioan bultzada erabakiorra izan daiteke.
Bestea, Euskararen Aholku Batzordea. 2018an Udalak aholku batzorde hau martxan jartzeko asmoa du, eta haren helburua da herriko elkarte eta erakunde nagusien (Udalaren, merkatarien, ostalarien, elkarteen, kirol taldeen, kiroldegiaren, ikastetxeen…) parte hartzearekin euskararen normalizaziorako plan estrategiko bat diseinatzea, guztiok norabide berean arraun egin dezagun. Dudarik gabe, parte hartze zabala lortu eta bertan adostutakoa betetzen bada, honek euskaraz bizi ahal izateko esparru asko eta herrian garrantzitsuak direnak irabazteko aukera paregabea eskainiko du.
Beraz, ikus dezakezuenez, xume-xume eta urratsez urrats bada ere, azken bi urteetan lortu dugu urak harrotzea, eta aurtengoa jauzi handia bilaka daiteke euskararen etorkizunarentzat gure herrian.
Ongi etorri zu ere!
Noski, aipatutako guztiak ez du esan nahi, erronka nagusi horietaz gain, ez garela bestelako gauzetan arituko. Hemen jarraituko dugu, gure ahalmenaren arabera, zuen kontzientziak astintzen, kultur ekintzak eta jaiak antolatzen, aldarrikapenak egiten eta, batez ere, euskaraz bizitzen eta gozatzen ahalegintzen.
Eta, horretarako, zuen guztion parte hartzea ongi etorria izango da, elkarrekin gehiago lor dezakegulako, denok beharrezkoak zaretelako, guztiok batera gehiago gozatuko dugulako.
Eneko Oiartzabal Gerriko
Hondarribia aldizkarian 2018ko urtarrilean argitaratua