20 bat lagun bildu ginen, giro ederrean, pasa den otsailaren 12an kultur etxean Yurre Ugartek (gidoia) eta Joseba Larratxek (marrazkiak) elkarlanean sortutako “Joana Maiz” komiki gomendagarriaren aurkezpenean. Aurkezle lanetan, bikain, Kote Guevara liburuzain eta Blagankidea.
Galdera zuzena jaurti die Kotek aurkezpenak egin eta berehala: “Bizi al daiteke honetatik gaur egun?” Josebaren erantzuna baiezkoa izan da, baina beti ere sakrifizioak egiteko prest baldin bazaude: baldintza eskaseko lan asko onartu behar da gustukoagoak diren proiektuei heltzeko, eta argi izanda bat ez dela inoiz honekin aberastuko. Yurreren kasuan antzekoa da egoera, idaztetik bizi da bera, aldaera ia guztietan: literatura, gidoiak, … derrigorrez polifazetikoa izatera eramaten zaituen ofizioa da hau. Igor Elortzak esango lukeen moduan, wordker petoa da Ugarte.
Solasaldiak jarraitu du euskal komikigintzak bizi duen une emankorra aipatuz. Azken bi urteak izan dira, produkzio aldetik, oparoenak euskal komikiaren historian; urtean 5-10 ale argitaratzetik 20-40ra pasa gara azken urteetan (datuak aztertu nahi badituzu, komikipedia webgunean daukazu euskal produkzio osoa jasota). Arrazoien inguruan galdetuta, generoak azken aldian izan duen prestigioaren gorakada azpimarratu da. Komikia beti izan da genero popularra, sarri haurrekin lotua edo zirkuitu undergroundekin. Prestigio irabazte hau izan da, Larretxeren ustez, eleberri grafiko formatuari esker neurri handi batean.
Bide horretan, baina, dena ez dago eginda, jakina. Eta Yurrek bota zuen erronka: “Euskadi sarietan, adibidez, ez da kategoria gisa hartzen komikia. Saritzekotan, gidoiak saritzen dira, eta, orain arte, behintzat, beti haur eta gazte literaturaren kategorian. Ausartuko al dira inoiz helduen kategorian komiki bat saritzen? Edo komikientzat berariazko kategoria sortzen? “.
Eleberri grafiko bat izan da, hain zuzen ere, gaurko aurkezpenaren aitzakia. Joana Maiz izeneko pertsonaian oinarritutakoa. Zinema munduan kastinak egiten dituen profesionala da Joana, bizitza ondo muntatuta duela esan dezakegu, baina dokumental propioa egiteko proiektua berak zuzentzeko erabakia hartzen duenean, bizitza konplikatzen hasten zaio …
Solasaldian zehar, eleberriaren sortzen prozesuan zentratu dira egileak batez ere: pertsonaiak aletu dituzte (lehen mailakoak eta bigarren mailakoak), tramak, lokalizazioak (Irun eta Bilbo)… beti ere komikiaren barrenak gehiegi ez azaleratzeko asmoarekin, inoren irakurraldia ez zapuzteko.
Harriet editorialarekin argitaratu dute, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, eta, oraingoz behintzat, euskarazko bertsioa gehiago ari da mugitzen, nabarmen. Horren arrazoiak izan daitezke zirkuitu ezagunagoa dela bi egileentzat eta aurrez aurreko lan handiagoa egin dezaketela euskarazko bertsioa aurkeztuz babesteko. Arrakasta handiz beti ere, horren erakusle da bigarren edizioa prestatzen ari direla euskarazko bertsioarentzat, eta prestatzen ari direla frantsesezko eta portugeseko bertsioak ere, eta ingelesezkoa ere bidean omen dago.
Eta zu, zeren zain zaude irakurtzeko? nork daki, komiki kategoriako lehen Euskadi saria izango da akaso…
Blagan taldeko Egunean Behin lehiaketako otsaileko irabazleek jaso dute bere alea (edo jasoko dute kalera irtetzen uzten digutenean…).
Kronikaren egilea: Mikeldi Zeberio, Blagankidea