Eva eta Adan. Jatorrizko gizakiak.
Historiak ez du beti denon alde jokatzen. Eta hau da, hain zuzen ere, Eva-ren susmoa. Beraz, Adan-ekin hitz egitea erabaki du eta mendez mende barruan gorde behar izan duen hori guztia askatuko du. Noski ez duela ezer Adan-en aurka; gizon trakets, zeharo matxista eta gustu txarrekoa izateaz gain, ez dio (ia) ezer txarrik desio.
Istorio honetan Eva eta Adanen istorioa kontatzen da baina Evaren ikuspegitik, izan ere, bidean hainbat gezur, gaizki-ulertze eta egi ustelak aurkituko ditugu eta orduan kontatu diguten Paradisua… Paradisua izaten jarraituko du?
Anodino Teatroa konpainia komedia gazi-goxo honetaz baliatzen da gaur egun mantentzen diren emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak salatzeko. Matxismoaren sustraia bilatzen historiaren hasierara joan gara eta hantxe aurkitu dugu Adanen paradisua eta Evaren infernua.