Uda igaro den honetan, eta horrekin batera ikasturte berria hasi dugularik, oso aproposa iruditu zait gure herriko gazte/ikasleen inguruan aritzea. Baina oraingo honetan, neure buruaz pixka bat aspertuta edo, mezulari huts izatera mugatuko naiz, nire iritziak hilero jasaten baitituzue, eta irakurleek ere ziur aski izango duzue haize freskoaren beharra.
Hona ekarri dudan testua Pako Agirrek idatzia da, une jakin batean barne-barnetik ateratako adierazpen hunkigarria. Antza denez, gutun hau Talaia Institutuko arduradunei eman zien, eta hauek, berau irakurritakoan, guraso guztiei zabaltzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, guraso horietako baten bidez heldu da nire eskuetara, eta Pakoren baimenarekin ekarri dut hona, “harekin egokien iruditzen zaizuna egiteko”.
Gauzak horrela, hemen behean duzue testua. Ziur nago adierazpen itxuraz xume baina zintzo eta zuzen honek, era batera edo bestera, ez zaituztela indiferente utziko.
Hortaz, goazen harira! Honatx gutuna:
Jaun-andre estimagarri horiek:
Lehenengo eta behin, gutun honekin esan nahiko nizueke ez nukeela kritika suntsitzailea egin nahi, eraikitzailea baizik, ez bainaiz nor besteen lanetan sartzeko. Baina norbaitek bihotzean min sumatzen duenean sendagilearena jo behar duela uste dudanez, zuengana jotzen dut, zuek ere baitzarete, kasu honetan, sendagileak. Hirurogei eta hamar urteko pertsona naiz, hondarribiarra, gurasoengandik ikasi nuen euskara, eta hain maite dut nire hizkuntza non, orain, lan-erretiroa hartu ondoren, hobetzeari eman diodan. Neure buruaren aurkezpena egin ondoren, harira joan nahiko nuke. Joan den astean, ez dakit zein egun zen, goizeko hamaiketan Butron pasealekutik nenbilela, Institutuko gazte andana ikusi nuen. Taldetan banaturik zeuden, eta «ginkana» joko batean edo zebiltzan. Hurbiltzen nindoala, batzuk gaztelaniaz zebiltzala aditu nuen. Ziztada sumatu nuen bihotzean. Aurrera jo, eta hurrengoak berdin ari zirela, eta hurrengoak eta hurrengoak ere bai. Ziztada infartua bilakatu zen. Pentsatzen jarri nintzen, batzuetan hori ere egiten baitut, eta neure buruari galdetu nion: Zer egin diagu gaizki? Zertarako balio izan dik urteetan zenbait jendek egindako lana? Zerbait lortu al diagu? Erantzunik gabeko galdera asko, gehiegi, agian. Hasieran esaten nuen ez nuela kritika suntsitzailea egin nahi, eraikitzailea baizik, eta hala da. Badakit eskolak ezin duela hau konpondu, ez, behintzat, bakarrik eskolak. Badakit etxekook ere egin, eta ekin behar dugula, baina, bien bitartean, honela gaude; Francok berak suntsitu ezin izan zuena, guk geuk suntsituko dugu. Ez dakit zer egin dezakezuen zuek; nik zer egin dezakedan badakit, eta egingo dut, ez dudarik izan. Zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira, ea denon artean kapaz garen egoerari buelta emateko. Mila esker zuen ulertzeagatik, eta barkatu zerbaitetan faltatu izan badut. Pako Agirre |
Eman dizue zer pentsatua, ezta? Niri bai, eta bereziki azpimarratuko nuke, etsipenetik sortzen bada ere, batez ere mezu itxaropentsua dela Pakorena. Izan ere, etsipenari aurre egiteko modu bakarra, bizinahia galdu ezean behintzat, gauzak alda daitezkeela pentsatzea baita: ezina ekinez egina, alegia. Eta hortxe dago hitz gakoa, nire ustez: “ekinez”. Aurten badugu ekiten hasteko aukera paregabea: Euskaraldia, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa.
Beraz, badakizue, “zuek bultza hortik, eta guk hemendik tira”, eta ziur denon artean kapaz izango garela egoerari buelta emateko. Besterik ez da behar: ekin eta aurrera!
Eneko Oiartzabal Gerriko (baina Pako Agirreri esker!)
Hondarribia aldizkarian 2018ko irailean argitaratua
Beti jo ta ke! Beti aurrera Pako! MXK