Gure gizartean badago dena sailkatzeko obsesio bat, eta ni ere, zer demontre, ez naiz gutxiago izango. Artikulu honetan euskaldun moten sailkapen bat egitea erabaki dut, oso zientifikoa, eta norbera zein motatakoa den jakiteko test labur bat ere egin dut, gainera. Testa egitera animatzen zaitut, baietz asmatu zu zein motatakoa zaren!
Testa:
-
Denda edota taberna batera zoaz eta bertako langileak ez du euskaldun bati dagokion sudur-mokoa (Cafes Aitona-koa, alegia), zein hizkuntzatan egingo diozu lehen hitza?
a) Euskaraz, besterik ez dakit eta!
b) Euskaraz, nire eskubidea da eta!
c) Erdaraz, badaezpada ere!
d) Erdaraz, nola bestela?
-
Ligatzeko asmoz hurbildu zara harengana eta ez da euskararen aldeko jai bat, ezta baserritarrez janzten zaren egun horietako bat ere, zein hizkuntzatan egingo diozu lehen hitza?
a) Euskaraz, zer erremedio!
b) Euskaraz, euskalduna ez bada, ez zait interesatzen!
c) Erdaraz, aukerarik ez galtzeko!
d) Erdaraz, noski! Askoz ere sexy-agoa da!
-
Turista bikote bat hurbildu zaizu, mapa batean toki bat adieraziz eta txineraz hizketan (besterik ez baitakite), zein hizkuntzatan emango dizkiezu jarraibideak?
a) Euskaraz, txineraz ez dakit eta!
b) Euskaraz, gure hizkuntza hori da eta!
c) Erdaraz, errazago ulertuko dute, ziur!
d) Erdaraz, hizkuntza unibertsal batean hobe!
-
Lagunen artean zabiltzate euskaraz hitz egiten, bat-batean, pertsona bat hurbildu da erdaraz berriketan, zuk zein hizkuntzatan jarraituko duzu?
a) Euskaraz, bestela ez bainaiz ondo moldatzen!
b) Euskaraz, nik neureari eutsi behar diot, kosta ahala kosta!
c) Erdaraz, errespetuagatik!
d) Lagunartean euskaraz? Ni, behintzat, inoiz ez!
-
Egunean jartzeko azken berriak irakurri nahi dituzu interneten, euskarazko egunkari batean ala erdarazko batean, non begiratuko duzu?
a) Internet? Nik ez dut halakorik erabiltzen!
b) Beti euskaraz! Euskaraz dagoen guztia irakurtzen dut, nahiz eta aspergarria izan, eta erdaraz dagoen ezer ez, nahiz eta interesgarria izan.
c) Erdaraz, euskaraz hitz oso arraroak -ia ahoskaezinak- erabiltzen dituzte eta! Hori bai, “superkalifrajilistikoespialodoso” alderantziz ere esaten dakit.
d) Internet euskaraz? Baina hori existitzen da?
Emaitzak:
Erantzun gehienak “a”: Azken Mohikanoa
Euskara da ondo menperatzen duzun hizkuntza bakarra, eta gainerakoekin, jakitekotan, trakets moldatzen zara. Zure espezieko azkenetakoa zara, azken Mohikanoa. Are gehiago, ziur aski ez zara benetan existitzen ere, eta iraganeko mamu bati idazten ari natzaio.
Erantzun gehienak “b”: Talibana
“Euskaraz bizi nahi dut” leloa muturreraino daramazu, Joxe Manuel Odriozola eta Pako Aristiren jarraitzaile sutsua zara, eta beti zabiltza eskubideak gora eta eskubideak behera. Batzuek, berriz, zure jarrera erradikaltzat dute, eta argi dute zurea erdaldunen aurkako Gurutzada Santua dela, inposizioa: zer izango da hurrengoa? Euskaraz normal-normal bizitzea? Taliban hutsa zara! Normal bizitzeko, dagoeneko baditugu gaztelania edo frantsesa, euskara zertarako?
Erantzun gehienak “c”: Zibilizatua
Zure leloa “Euskara asko maite dut” da, eta zure hitz gogokoena, “errespetua”. Taliban fundamentalistek ez bezala, zuk badakizu maitekorra izaten, eta ez du axola erdaldun bat egotea ehun euskaldunen artean, zeu beti egongo zara erdaldun hori etxean bezala, eroso-eroso sentiarazteko prest: guztiak erdaraz eta kitto! Hori bai, gero sedukzio-armak erabiliko dituzu -erdaraz, jakina- erdalduna euskarara erakartzeko, besteak beste, euskara zein zaharra, bitxia eta ederra -exotikoa- den esanez.
Erantzun gehienak “d”: Munduko hiritarra
Zuri euskarak bost, eta zure euskalduntasuna ia sekretuan daramazun horietakoa zara. Euskaraz bizi nahi izatea “txokokeria” hutsa iruditzen zaizu, mundu zabalari itxita egotea. Argi duzu munduko gatazka gehienen iturria nork bere herri, nazio eta hizkuntza defendatu nahi izatea dela. Zuregatik balitz, mundu osoan hizkuntza bakarra hitz egingo litzateke, hizkuntza unibertsal bat, oso “kosmo-polita” baitzara. Baina hori bai, zure kosmosa, polita baino, mugatua eta indartsuen kosmosa baino ez da. Izan ere, zuretzat unibertsalak herri eta nazio boteretsuen hizkuntzak dira -ingelesa, frantsesa, gaztelania…-, eta horiek bakarrik. Badaezpada ere, zuk esperantoaz, tutik ere ez.
Eneko Oiartzabal Gerriko
Hondarribia aldizkarian 2018ko otsailean argitaratua