Gure baitan hasten da aldaketa

Arratsalde eguzkitsua da eta ni Irunen nabil semearekin. Haur-parkera joan gara eta hantxe gabiltza: kulunkara igo, tilin-talan, kulunkatik jaitsi, etxetxoan sartu, irten, berriro sartu, irten, txirristara igo, buruz etzanda jaitsi, berriro kulunkara… Tilin-talan genbiltzala, beste ume bat eseri da ondoko kulunkan, aita bultzaka duela. Erdaraz ari zaio haurrari. Bi umeen artean begiradak eta irribarretxo konplizeak hasi dira, eta horren aitzakian-edo, beste umearen aitak “Cuánto tiempo tiene?” galdetu dit, eta nik “Bi urte, eta zureak?”. Orduan, aitak euskaraz erantzun dit eta hitz egiten jarraitu dugu, euskaraz.

Ni zur eta lur gelditu naiz, eta neure baitarako pentsatu dut: “Nola liteke euskaraz dakiten gurasoek seme-alabei erdaraz egitea? Uler dezaket haiek etxe erdaldunekoak izatea eta, euskaraz jakinda ere, erdaraz egiteko ohitura izatea, baina seme-alabekin erdaraz?? Gero, D eredura eramatearekin dena konponduta dagoela pentsatuko dute…”.

Handik gutxira, bere umea kulunkatik jaitsi eta hara-hona korrika hasi da. Aita, gure aurrean haurrari erdaraz egiteko lotsaz-edo, euskaraz egiten hasi zaio. Baina argi dago hori ez dela ohikoa, normalean erdaraz egiten diola haurrari, eta horren seinale umeak beti erdaraz erantzuten ziola.

Beharbada batek baino gehiagok pentsatuko duzue halako gauzak Irunen gertatzen direla, herri “erdaldun” hartan, baina ez dut uste Hondarribia oso urrun dagoenik. Egia da, Hondarribian euskaraz dakiten guraso ia denek euskaraz egiten diete beren seme-alabei, hori da normalena, baina egia ere bada, guraso horietako askok beren seme-alaba txikiei bakarrik egiten dietela euskaraz, eta gainerako jendearekin, euskaldunak izanda ere, erdara hutsez aritzen direla, euskara ume txikiei bakarrik hitz egiteko hizkuntza balitz bezala. Horrela, ez dira gutxi euren seme-alabak koxkortu ahala haiekin ere erdaraz egiten hasten diren gurasoak. Nik batzuk ezagutzen ditut, ziur zuek ere bai. Gero, D eredura eramatearekin dena konponduta dagoela pentsatuko dute horiek ere…

Honen harira, orain gutxi (urriaren 10ean) albiste bat irakurri nuen Berrian, Bi portu eta amildegi bat izenekoa. Bertan, Bermeo eta Ondarroaren artean euskararen erabileran dagoen aldearen zergatiez ari da. Bi herriak kostaldekoak, bietan euskararen ezagutza-maila antzekoa, baina erabileran alde nabarmena: Ondarroan % 80, Bermeon % 34. Eta ondorioa argia da: gakoa “ekosisteman” dago, hau da, euskararen egoera osasuntsua izan dadin ingurune osoak norabide bererantz egin behar duela “arraun” (euskararen alde, alegia). Biziki interesgarria da artikulua (gomendatzen dizuet) eta ezinezkoa da Bermeoz ari denean burura gure herria, Hondarribia, ez etortzea, hain dira handiak antzekotasunak!

Azken batean, sinplea da kontua: etxeak, kaleak, lagunarteak, dendak, aisialdiak… huts egiten badute, eskolak ezer gutxi egin dezake euskara salbatzeko, eta D eredura eramatearekin ez dago dena konponduta, are gehiago, ez da ia ezer konpontzen. Bermeon (eta Hondarribian) hain zentzuzkoa dirudien baieztapen hori ahaztu egin zaie (zaigu) nonbait.

Ea behingoz ohartzen garen horretaz eta berandu baino lehen ematen diogun egoerari buelta. Eta oraingo joera aldatzeko ez du balio harriak kanpora botatzeak: eskolak honakoa egin behar du, Udalak beste hau egin behar du… Ezer baino lehen norberak egin behar du aldaketa, eta gero exijitu ahal izango die besteei alda daitezen. Ez izan zalantzarik, edo gure baitan hasten da aldaketa, edo jai dugu.

Eneko Oiartzabal Gerriko, Blagan-eko kidea

Hondarribia Aldizkarian argitaratuta, 2017ko urrian

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude