Aurrekoan Irlandara egindako bidaia izan nuen hizpide: nola joan ginen kostaldeko herri polit eta ustez oso irlandar batera, eta topatu genuena, polita bai, baina izan zitekeen Ingalaterrako herri bat, edo Estatu Batuetakoa, edo Australiakoa; nola ingelesa zen nagusi eta batek ahaztu zezakeen non zegoen, edo ahaztu baino, nahasi zitekeen eta esan “Here in England… ups… sorry.” -Hemen Ingalaterran… ui… barkatu.”-. Herrialde batera joaten zarenean, bertan zauden seinale nabarmenena bertakoek darabilten hizkuntza baita, eta han irlanderaren arrastorik ez zenez, normala nahastea!
Nire ustez, gauza da Irlandan ez dutela oso argi berdintasuna eta berdinkeriaren arteko aldea zein den. Bai, euskaraz esanahi bertsua duten bi atzizki ditugu (“-tasun” eta “-keria”), baina zentzu ezberdina ematen dutena: berdintasuna litzateke egoera ezberdinean daudenentzat neurri ezberdinak hartzea, bakoitzari behar dituenak, azkenean biak berdintasun egoeran egon daitezen; berdinkeria litzateke, berriz, egoera ezberdinean daudenentzat neurri berberak hartzea, eta horrek ezberdintasuna areagotzea eta egonkortzea baino ez dakar.
Argi dago Irlandan bietatik zein aukeratu duten: berdinkeria, irlandera eta ingelesa berdin-berdin tratatzea, oraindik bata bestearen mendeko egoeran dagoenean. Eta ikusi baino ez dago nola joaki zaien: irlandera, ehun urtez ofiziala izan arren (ingelesarekin batera), gero eta zokoratuago dago, gero murriztuago; nahiz eta guztiek ikasi eskolan, erabilera ia desagertu egin da eta, latina balitz bezala, ikasleek eskolan ikasten duten hizkuntza hil baten itxura hartzen ari da gero eta gehiago.
Bestelakoa dirudi egoerak Katalunian. Bertan ikusi zuten berdintasunaren eta berdinkeriaren arteko aldea zein zen, eta bertako hizkuntzari, katalanari, lehentasunezko tratua ematea erabaki zuten. Hala ikus daiteke esparru ezberdinetan: hezkuntzan, katalanez ikasten dute bertako haur guztiek (Suedian suedieraz, Alemanian alemanez, Italian italieraz, Espainian espainieraz… den bezala); unibertsitatea ere katalanez da, halabeharrez (lehen aipatutako herrialdeetan bertako hizkuntzetan den bezala), nork ez du ezagutzen Bartzelonara unibertsitate-ikasketak egitera joandako norbait? Kaleko eta eraikin publikoetako (udaletxe, ospitale eta abarretako) hizkuntza paisaia ere (kartelak, alegia) katalanez egon ohi dira. Eta ez hori bakarrik, garrantzitsuena: katalan gehienek, politikari izan ala herritar xume izan, katalana lehenesten dute publikoki hitz egiteko garaian. Nork ez du inoiz esan edo entzun katalanak “talibanak” direla hizkuntza kontuetan?
Bai, “talibanak”. Eta argudio hori euskaldunon artean ere oso zabalduta dago, konplexuz beteta gauden seinale. Zergatik dira “talibanak”? Haien herrian haien hizkuntzan egiten tematzen direlako? Akaso ez al da “talibanagoa” hamar laguneko talde baten hizkuntza ohiturak aldarazten dituen pertsona bakarra? Bai, hori baita gurean normalean gertatzen dena: ustezko errespetuaren izenean, euskaraz egiten duten lagun-talde osoak hizkuntzaz aldatzera behartzen dituzten “ez-talibanez” josita dago Euskal Herria. Gainera, euskaldunek berek ere gaizki begiratuko dizute, ez baduzu pertsona bakar batengatik (lehen euskaraz ari zen) talde osorako erdaraz hitz egiten. Azkenean, euskaldunak beti galtzaile; eta erdaldunak, eroso: euskaldunak beti-beti haien beharretara moldatzen. Zein da, beraz, hemen “talibana”?
Gero, badago gauzak puzteko joera: “Katalan horiek ez zuten hizkuntza aldatu, nahiz eta mila bider esan nien ez naizela bertakoa eta ez dakidala katalanez”. Tira, katalanek jakin badakizkite beste hizkuntzak, eta ziur naiz halako egoeretan moldatuko direla elkar ulertzeko; bestela, ez dut uste hainbeste eta hainbeste turista jasoko lituzketenik, ez bada horiekin (espainolez, ingelesez…) hitz egiteko eta komunikatzeko ahalegina egiten dutelako. Beraz, mito gutxiago (zeinak hizkuntza batzuen aurka egiteko erabiltzen dituzten batzuek), katalanek ez baitute katalanez egiten asmo txarrez, beraien hizkuntza delako baizik (suediarrek, alemanek, italiarrek, eta espainiarrek bezala). Hori bai, turista gehienak pozik joango dira etxera, buruan argi dutela Katalunian egon direla, eta ez Murtzian edo Almerian, eta katalanez ikasi dituzten lau hitzak gordeko dituzte beren buruan, bidaiaren oroitzapen gisa.
Eta bitartean, gurean hortxe gabiltza, bi ur artean: askok dioten bezala, bidegurutzean, zirt edo zart egiteko garaian. Orain gutxi argitaratu dira azken Inkesta Soziolinguistikoko emaitzak, eta bertan argi azaltzen da egoera: ezagutza gora ari da (batez ere EAEn), baina erabilera orain hogei urteko berdintsua da. Berdinkeriaren seinale? Bada, bidegurutze honetan erabaki beharko dugu zer nahi dugun gure herriarentzat: Irlandaren bidea ala Kataluniarena? Euskara euskal ikasleen latin berria izatea, ala gu bisitatzera datozen turistek etxerako bueltan eramango duten oroitzapen goxoa? “Euskal Herrian egon ginen, Hondarribian, oso polita. Euskaraz egiten zuten. Joaten bazara, eska itzazu gauzak “mesedez” batez, eta gero “eskerrik asko” esan… Ah! Eta agurtzeko “aupa” esaten zuten beti.”
Iturria: https://www.flickr.com/photos/leighblackall/30727349115
Eneko Oiartzabal Gerriko; Blagan-eko kidea