Ziur aski, jendeari galdetzen badiozu zer den euskal kultura, askok halako zerbait erantzungo dizute: kapelua, trikitixa, euskal dantzak eta horrelakoak. Baina nik esango nuke horiek ez direla gure kultura, gehienez ere gure kulturaren zatitxo txiki-txiki bat: folklorea, hain zuzen.
Baina, orduan, zer da kultura? Bada, gure bizimodua. Edo bestela esanda, gure eguneroko bizitza egiteko ditugun ohitura eta usadioak; adibidez: frantziarrek hamabiak aldera bazkaltzen dute eta espainiarrek hirurak pasata -eta euskaldunok?-; portugaldarrak, lagunekin gelditzen direnean, kafe baten inguruan -eta kalean- izaten da normalean; suediarrek, berriz, etxeetan elkartzeko ohitura handiagoa dute; Estatu Batuetan kirol nagusiak saskibaloia, futbol amerikarra eta beisbola dira; Erresuma Batuan, berriz, errugbia eta futbola… Eta horrela jarraitu genezake gizarte eta kultura ezberdinen ezaugarriak aipatzen.
Gauzak horrela, argi dago gure kultura gaur egun gehiago dela bixera janztea kapelua baino, eta rock musika entzutea trikitixa baino, eta Beyoncéren mugimenduak imitatzea fandango eta arin-arina dantzatzea baino. Noski, batzuek egingo dituzte gauza horiek, eta haientzat euren kulturaren parte izango dira, baina ez dira inondik inora ere euskal gizarteko joera nagusiak. Agian garai batean izan ziren, baina gaur egun ez, eta horretxegatik diot folklorea direla gehienbat, horixe bera baita folklorea: garai bateko ohiturak tradizio bihurtu, altxor baten moduan kutxatxo batean gorde, eta ospakizun edo ikuskizun berezietan kutxatik atera eta gogora ekartzea -Irungo Euskal Jiran baserritarrez janzten direnean bezala-.
Eta zer ikusi du honek guztiak euskararekin? Bada, asko. Euskal Herrian gaur egun mundu guztia omen dago euskararen alde, denek maite omen dugu gure hizkuntza, baina batzuek benetan nahiago lukete euskara folklorearen kutxan gordeta balego, museo bateko bitrina eder eta handi batean nahi baduzue, baina txoko batean gordeta, gehiegi molestatu gabe -batez ere erdaldun elebakarrei-. Hori bai, gero, ospakizun berezietan -Kilometroak, Euskararen Eguna…- altxor preziatua balitz bezala atera eta gogora ekarriko dute, lorez bete eta goraipatu egingo dute, hurrengo egunean berriro kutxa batean jasota uzteko.
Eta hortxe dago koska: zer nahi dugu izatea euskara? Gure kulturaren parte, gauza bizi bat, gure eguneroko bizitzan darabilgun komunikazio tresna? Ala folklore hutsa, gauza fosilizatu bat -hila, latinaren antzera-, tradizio eta ospakizun jakinetan soilik gogoratzekoa? Bestela esanda: zer egingo dugu? Jasotakoa ondarea -euskara- erabili eta etorkizun oparo bat eskaini? Edo bitrina eder batean jaso eta iraganeko altxor baten gisara gurtu? Gakoa gure esku dago.
Eneko Oiartzabal Gerriko; Blagan-eko kidea
Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2016ko abuztuko alea.