Ez dakit zu, irakurle, baina ni oraindik zapping egiten duen horietakoa naiz. Bai, badakit, gauza zaharkitua da hori dagoeneko, baina nire etxean oraindik XX. mendeko telebista eredua da nagusi. Gero eta gutxiago, halere; hain da aspergarria telebistak eskaintzen duena! Uste dut nik ere egin beharko dudala jauzi XXI. mendera, telebista ordenagailu edo mugikorrarekin konektatu, eta internet bidez telesail eta filmak ikusten hasi, nahieran.
Baina, esan dudan moduan, oraindik zapping egiten duen horietakoa naiz, eta kate-pasa horretan, ETB1era iristen naizenean, halako sentsazio deseroso bat sortzen zait barrenean: askotan lotsa -eta auzo-lotsa!-, batzuetan amorrua, zenbaitetan tristura eta, gehienetan, hiru gauzak aldi berean. Zerbait interesgarria egongo dela? Bai, astean ordu erdi-edo asko jota! Tristea da, baina zer nahi duzue esatea, hala da. Egiari zor, onartu behar dut ETB1 nire zapping-zirkuitutik kanpo egongo litzatekeela, ez balitz nire kontzientziak euskarazko kate publiko bakarraren alde egin beharko genukeela esaten didalako behin eta berriz, hau da, euskarazko katea zapping zirkuituan dago Kontxako Banderan donostiar traineru bat egoten den arrazoi beragatik: faboritismo hutsagatik, lehia librean ez lukeelako ezer egiterik. Eta hori telebista zaborrez beteta egonik! Kalitatezko gauzekin lehiatu beharko balu…
Baina zer esango dizut zuri, irakurle? Audientzia datu tamalgarriak ikusita -ETB1ek %2 inguru-, ziur zure etxean ere aspalditxo utzi ziola zirkuituan egoteari -ez bada zuenean ere, nirean edo Kontxan bezala, faboritismoz jokatzen duzuela-, eta ez da harritzekoa: ez bada bost alditan errepikatutako Euskal Herriko Dantza Solte Txapelketa, Donostiako su artifizialak dira; edo ehun bider jarritako umore kaxkarreko “gag” kanadarrak; edo Xuberoako pastoralak; edo “Gu ta gutarrak”… Ufff! Sabela behar da gero, halakoak irensteko! Nork egiten du programazioa? Zuzendaria zer da benetan, saboteatzaile bat? Infiltratu bat?
Bada, gauza da zapping egiten ari nintzen egun horietako batean loak hartu eta amets bitxi bat izan nuela; titular moduan emanda: Euskal Telebistaren birsortzea. Katearen egoera penagarriaz jabetuta, arduradunek birfundazio moduko bat burutzea erabakitzen zuten. Gainera, Iparraldeko Herri-Elkargo sortu berria (Iparraldeak izango duen lehen erakunde propioa) eta Nafarroako lehen gobernu ez “euskalfoboa” batuko zitzaizkion Eusko Jaurlaritzari proiektu berri horretan, haize berriak emanez – hain beharrezkoak!-. Eta horrek telebista indartsuago bat ahalbidetuko luke. Indartsuagoa, Euskal Herri osokoa eta, jakina, euskalduna! Euskal Telebistako diru gehiena xahutzen duen ETB2 bezalakorik gabe; “El Conquis” moduko programak euskaraz egitera ausartuko litzatekeen telebista-kate bat.
Ai, ametsak… Gaueko ordu txikietan esnatu eta, zoritxarrez, berehala ohartu nintzen hori baino ez zela, ametsa. Izan ere, hortxe ikusi nuen nire aurrean telebista piztuta, ETB1, eta bertan Donostiako Txistularien Banda, enegarren aldiz “peñazoa” ematen. Ez birsortzerik, ez haize berririk, ez indarrik, ez ezer.
Pentsamendu bakarrarekin joan nintzen ohera: euskaldunok ohartzen al gara gure dirua dela era penagarri horretan erabiltzen dutena?
Eneko Oiartzabal Gerriko, Blagan-eko kidea
Hondarribia aldizkarian argitaratuta, 2016ko urriko alea.