MAHAI-INGURUA: euskarak gaur egun Hondarribian bizi duen egoera.

Eguna: Maiatzak 5, ostirala

Ordua: 19:00 – 21:00

Lekua: Kultur Etxeko areto nagusia

Hizlariak: Xabier Isasi , Maite Berruet eta Mikeldi Zeberio. Ainhara Zuazabeitia bideratzaile lanetan ariko da.

Martxoaren 9an euskararen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztu zituen Hondarribiako Udalak. Ikerketa hau Soziolinguistika Klusterrak egin du eta metodologia honekin ez zen sekula egin Hondarribian. Esan beharra dago Blaganek ere baduela parte, ikerketa hau egitearen aldeko azaldu baikinen Udalarekin izandako bileretan.

Orain arteko datuen arabera, Eustatek egindako inkesten arabera, Hondarribian euskararen ezagutzaren bilakaera azken urteetan ondorengoa izan da:

mahaiingurua_eustat

Hondarribian euskararen ezagutzak gora egin du adin batetik beherakoen artean, eta hori pozgarria da. Ezagutzarekin bat erabilerak ez du, ordea, proportzioan gora egin, beste faktore batzuk tartean sartzen direlako. Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketan zera ikus daiteke:

mahaiingurua_kaleneurketa

Mahai inguru honetan Xabier Isasik kontu hauek nola gertatzen diren ulertzen lagunduko digu, bera izan baitzen Klusterrak erabiltzen duen metodologiaren sortzaileetako bat. Maite Berruetek lan zabala egina dauka Hondarribian egin den hizkuntza-plangintzari buruz eta bere ikerketaren kontu aipagarrienak ekarriko dizkigu, baita proposamenak ere. Mikeldi Zeberio, besteak beste, HIZNET – Hizkuntza Plangintza Graduondokoko irakaslea da eta herri desberdinetan euskara sustatzeko erabiltzen diren eta erabil daitezkeen bideen ezaguera zabala dauka, eta bere ekarpenak egingo dizkigu.

Euskara gehiago entzun nahi zenuke kalean? Gaztetxoenen artean euskara gutxi entzuteak kezkatzen zaitu? Edo helduen artean gutxi entzuteak? Zatoz bada eta mahai-inguruan gauza hauetaz guztietaz elkarrekin hitz egiteko aukera izango dugu.

Oharra: Hondarribiko Udalari eskertzen diogu mahai inguru hau egiteko aretoa eta baliabide teknikoak gure esku jartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude